Zazpi titulazio berri eskainiko ditu Izarraitz Lanbide Heziketak datorren ikasturtean

Iraia Oteiza 2024ko mai. 3a, 13:00

Bost ziklo berri eta bi espezializazio gehituko dizkiote ikastetxearen eskaintza akademikoari: erizaintzako, administrazioko, elektromekanikako, informatikako zein mikroinformatikako ziklo bana, eta adimen artifizialeko nahiz zibersegurtasuneko espezializazio bana.

Zazpi ikasketa edo titulazio berri gehituko dizkio Izarraitz Lanbide Heziketak bere eskaintza akademikoari 2024-2025 ikasturtean, bost ziklo berri eta beste bi espezializazio.

Erizaintzako Zaintza Osagarriak, Mikroinformatika Sistemak eta Sareak, Administrazio Kudeaketa, eta Mantentze Lan Elektromekanikoa erdi mailako zikloak; Bulegoko Informatikako Oinarrizko Profesionala oinarrizko lanbide heziketa; eta Adimen artifiziala eta Big Data, zein Eragiketa Teknologien Inguruneetan Zibersegurtasuna espezializazioak dira datorren ikasturtetik aurrera Izarraitzen ematen hasiko diren ikasketa lerro berriak.

Ondorioz, 2024-2025 ikasturtean hamalau ziklo eta hiru espezializazio eskainiko dituzte orotara, orain arteko ikasketa ibilbidea zabalduz.