Eztabaida publikorako dei bat luzatu du Azpeitian Gazteok Zer?! taldeak

Uztarria.com 2002ko ots. 13a, 20:02
Igandeko gertakaria

Gaur eguerdian Azpeitian Gazteok Zer?! taldeak Txikiteo Eleganteko gertakaria dela eta prentsaurrekoa eskaini dute Aitonena Ieko aretoan. Bertan, "mamuak Gazte Lokalaren aldarrikapena era baketsuan egiten duten mozorroak" direla jakinarazi dute, eta Gazte Lokalaren inguruan udalean duela bi urte aurkeztu zutela txostena, eta oraindik erantzunik ez dutela jaso azaldu dute. Bestalde, PNV, IU, EA eta Eusko Jaurlaritzatik "entzundako barrabaskerien" aurrean beren haserrea ere adierazi dute, eta "Gentuza taliban", "la lacra de Azpeitia", eta horrelako espresioak erabili dituzten "ahoberoei" eta alkateari dei bat ere luzatu die eztabaida publikorako bai igandeko gertaeren inguruan hitz egiteko, bai Azpeitiko gazteen inguruan hitz egiteko.

Hona hemen Azpeitian Gazteok Zer?! taldearen idatzia oso osorik:

Gertaerak

Igandeko gertaerak eguerdiko 13:00ak aldera hasten dira. Alkatea eta zenbait zinegotzi, Azpeitiko Uztarri tabernan trago bat hartzen ari ziren, mamuz mozorroturiko lau gazte tabernara sartu, eta Gazte Lokala aldarrikatzen hasten dira. Momentu horretan bertan, Alkatea bere semea eta semearen koadrilako batzuk gazteei erasoka hasten zaizkie, ostikoka eta iletik tiraka tabernatik ateratzen dituztelarik. Berria herrian zehar zabaltzen da eta 13:30ean plazan hainbat gazte elkartzen gara. Orduan alkatea eta EAJ-ko zenbait zinegotzi kalean gora doazela ikusten dugu eta beraiena hurreratzen gara. Gazte lokalaren aldarrikapena egin, eta aurrez izan duten jarreraren inguruan esplikazio eske hasten gara. Hauek EgaƱa gozotegira sartzen dira eta 30 gazte inguruk berdina egiten dugu. Orduan, alkatearen emazteak 4 aldiz bultza egiten dio gazte bati eta laugarrengoan gazteak erantzun egiten dio. Orduan alkatea gazteari oldartzen zaio ezpainetatik tiraka eta bultzaka bere onetik aterata. Gaztea ezpainetan zauritua izaten da. Hainbat gazte alkatea eustera joaten dira, eta hauetako bati buruan botila batekin ematen diote, zazpi puntu ematen dizkiote gazteari. Gauza baretu egiten da, eta zauritutako gaztearekin larrialdietara joaten gara parte medikua egitera.

Zer dira mamuak?

Mamuak Gazte Lokalaren aldarrikapena era baketsuan egiten duten mozorroak dira. Azken hiru hilabeteetan bederatzi ekintza ezberdin egin dituzte eta ez da inon ezer gertatu. Zinegotzien ondoan oihuka egoten dira hiru minutuz edo eta beraien kabuz alde egiten dute. Aurpegia estaltzeko ez dago interes berezirik, mozorroak ekintza ikusgarriago egite laguntzen du, besterik ez.

Gazteon proposamena

  1. Gazte lokalaren arazoa aspalditik datorren auzia da. Azpeitian Gazteok Zer?! gaia lantzen hasi zenekoa hain zuzen ere. Gazte lokalaren aldarrikapenak sektore sozial anitzaren babesa jaso zuen hasieratik, besteak beste; kirol elkarteak, kultur elkarteak, musika taldeak, ikastetxeetako zuzendariak, sindikatuak (ELA, LAB, EHNE) gazte taldeak, udaletxeko kale hezitzaileak etab.
  2. Azpeitian Gazteok Zer?! orain dela bi urte udalean bere proposamena aurkeztu zuen txosten baten bidez. Bertan, Gazte Lokalaren egituraren, antolaketaren, funtzionamenduaren eta finantzazioaren proposamena egiten duelarik.
  3. Oraindik ez dugu proposamenaren erantzunik jaso.
  4. Gogor salatu nahi dugu Azpeitiko udalak herriko gazteokiko duen utzikeria. Gezurra eta inposaketaren bidez gure beharrak zapaldu baino egiten ez dituelako

Komunikabide eta alderdiei

Igande eguerdiko gertakarien inguruan komunikabideek izan duten jarreraren inguruan ondorengoa adierazi nahi dugu. Gure ustez komunikabideetako profesionalek honelako gertaeren aurrean bertsio ezberdinak entzuten eta herriratzeko konpromezua hartu behar dute, ondoren informazio objektibo bat kaleratu ahal izateko, eta ez bertsio bakarra entzun eta bera egi hutsa balitz bezala jokatu. Gogor salatu nahi dugu Bastida Alkateak egin duen prentsaren erabilpen interesatua.

PNV, IU, EA eta Eusko Jaurlaritzatik entzundako barrabaskerien aurrean gure haserrea adierazi nahi dugu. "Gentuza taliban", "la lacra de Azpeitia", eta horrelako espresioak erabili dituzte zer gertatu den ideiarik ere jakin gabe. Honen aurrean gugatik horrelakoak esaten ibili diren ahoberoei eta Azpeitiko alkateari proposamena egin nahi diegu. Eztabaida publiko bat nahi duten lekuan, nahi duten orduan eta nahi duten egunean. Bai igandeko gertaeren inguruan hitz egiteko eta baita ere Azpeitiko gazteen inguruan hitz egiteko.

Amaitzeko lanean jarraitzeko gure konpromezua hartzen dugu, Azpeitiko herri eredua aldatu eta parte hartzea, aniztasuna, elkartasuna, justizia eta askatasuna bermatuko dituen herri bat lortu arte.

Besterik gabe, garbi utzi nahi dugu prest gaudela arazoaz hitz egin eta konponbide duin baterako ateak irekiko lituzkeen elkarrizketa prozesu bati ekiteko.