Udalari EHNA babesteko eskatuko zaio

Uztarria.com 2002ko ots. 27a, 18:02
Dagoeneko Euskal Herriko 40-50 herrietako udaletxetan EHNA eskatzeko aukera dago.

Bai Euskal Herriari herri ekimenak martxoan Azpeitiko Udalari euskal nortasunaren inguruko bi eskaera egingo dizkio, ohiko udalbatzarrean; batetik, euskal nortasun agiriari (EHNA) Udalak babesa eta oniritzia ematea eskatuko du, eta, bestetik, agiri hori ateratzeko behar diren azpiegitura eta baliabideak Azpeitiko Udalak bere gain hartzea.

Eskaera udaletxeko arduradun eta ordezkariei bideratu aurretik, Bai Euskal Herriarik herritar eta herriko taldeen artean jardun du lanean, taldeen babesa jasoz eta norbanakoen konpromisoa lortuz. Eta martxoan, udaletxean egingo den udalbatzan eskaera hauek luzatuko dizkie herri ekimen honek udaletxeko alderdi ezberdinetako ordezkariei.

Ekimen honen bidez, “Euskal Herriaren eskubide zibil eta politikoen defentsa” egin nahi dute. Ekimenekoek azaldu dutenez, nortasun agiri propio bat eskatzearen arrazoia, gaur egun “beste eskubide askoren artean nortasun propioaren ukapena” ematen dela da.

Dagoeneko Euskal Herriko 40-50 herrietako udaletxetan EHNA (Euskal Herriko Nortasun Agiria) eskatzeko aukera dago. Bestetik, Udalbiltzak Euskal Herriko bi hiriburutan dituen bulegoetan ere eskatzeko aukera dago; Bilbon eta Iruñean. Azpeitian, martxoan ikusiko da Udalean zer erabakitzen den Bai Euskal Herriari ekimenak aurkeztuko duen mozioaren inguruan.