Antxon Aldalur eta beste bost atxilotuak aske utzi dituzte

Uztarria 2002ko mai. 17a, 17:05

Antxon Aldalur azpeitiarra, Virginia Arrazola, Unai Arana, Aitor Abanzabalegi, Iker Abanzabalegi eta Gorka Etxaniz asteartetik asteazkenerako gauean atxilotu zituen Espainiako Poliziak, Eibarren, Hondarribian eta Deban. Atzo libre utzi zituzten, kargurik gabe.

Antxon Aldalur eta beste bost lagunak atzo utzi zituzten libre, Madrilen, hiru egun inkomunikatuta pasatu ondoren. Espainiako Entzutegi Nazionaleko iturriek jakitera eman zutenez, "ez zegoen nahikoa froga atxilotuak ETArekin lotzeko".

Hain justu, ETAko Aranba komandoarekin harremana zutelakoan atxilotu zituzten sei lagunak asteazken goizaldean, Guillermo Ruiz Polanco epailearen aginduz.

Askatasunak gogor salatu zuen operazioa, eta haren "arrazoi eza" azpimarratu zuen. "Berriro ere zapalkuntzaren zirkulu amaitezinean bueltaka gure herria ito nahian dabil estatuaren makineria", zioen Askatasunaren prentsa oharrak.

Azpeitian bertan asanblada egin zen ostegun iluntzean Antxon Aldalurren eta besteen atxiloketak salatzeko, herriko plazan.