Itsasiren bideoa eta liburua kalean dira

Uztarria.eus 2002ko ira. 16a, 14:09
25. urteurreneko ekitaldien barruan aurkeztu dira

Irailaren 14an Itsasi Dantza Taldekoek 25. urteurreneko ekitaldien barruan, taldearen 25 urteotako ibildidea jaso dute liburu eta bideo batean. Liburua Nekane Larrañaga eta Jose Luis Aizpuru, biak Itsasi Dantza Taldeko kide ohiak idatzi dute. Biseoaren egileak, berriz, Xabier Briz taldeko kide ohia eta Agustin Lizarralde, taldearekin era batera edo bestera lotura duena, izan dira.

Irailaren 14a, larunbata, Itsasi Dantza Taldeak 25 urtetako jarduna eta ibilbidea jasotzen dituen liburua eta bideoa aurkeztu zituen Aitonenako aretoan. Jende ugari bildu zen bertan, Aitonenako aretoa txikia gelditu zen, zahar eta gazte, Itsasiko kideak eta ohiak, dantzariak, taldeko musikariak, ttuntturroak... Taldeko txistularien doinuarekin hasi zitzaion liburu eta bideoaren aurkezpen ekitaldiari.

Lehen hitza Xabier Bidezabal, Itsasi Dantza Taldeko arduradunak hartu zuen. Honek, taldearen 25. urteurreneko ekitaldien nondik norakoak eta taldearen bi ekoizpen berri hauen ideaz aritu zen. "Bai liburuan eta bai bideoan jendearen aportazioak garrantzi handia izan dute", esan zuen Xabierrek.

Liburua izan zen aurrena aurkeztu zena. Jose Luis Aizpuruk (Nekane Larrañagarekin batera idatzi du liburua) ekin zion zeregin honi idazlagunaren lana azpimarratuz eta inguruan izan dituzten guztien lan zatia eskertuz: "Lehendabizi esan, Nekanek eman duela liburu honen lan handiena. Bestetik, eskerrak eman nahi nizkieke liburu hau egiten lagundu digutenei, argazkiak biltzen ibili direnei, zuzentzaileari... Hor inguruan taldetxo bat ibili baita lanean, talde lan bat izan dela nabarmena da". Jarraian Itsasi Dantza Taldearen inguruan zera azpimarratu zuen Jose Luisek, "Itsasi Dantza Taldea izateaz gainera kultur talde bat izan da. Itsasiren presentzia Azpeitian nabarmena da eta urte batzuetan herrian burutu dituen hainbat emanaldi eta ekitaldiekin izan duen indarra ere nabarmena da. Dantzaz gainera beste alor batzuk ere ikutu ditu, musikoak, beti dantzarien lagunak izan direnak, ttuntturroak eta beste hainbat talde, dantza taldearen inguruan ibili direnak".

Liburuaren banaketaz, atalez ere jardun zuen Jose Luisek. Lehen atalean, Itsasi sortu aurretik Azpeitian dantza mailan izan ziren arrasto desberdinak jaso dituzte, Madalenako Pedrotxorekin hitz eginez eta Oargiren pausoak jasoz. "Imanol Eliasen liburuetara jo dugu eta gerra aurreko dantzei buruzko atala osatzeko Madalenako Pedrotxorekin egon gara, hau ondorengoentzako pertsonaia kable bat izan baita. Oargi sortzen denean Pedrotxori laguntza eskatzen baitzaio eta Oargitik sortzen da Itsasi. Oargitik eta Donostiako Bihotzdun Dantza Taldetik, bi iturri horietatik edan zuen Itsasik". Bigarren atal batean, Itsasiren sorrerako urteak kontatzen dira,. Beste atal bat ttuntturroen ingurua ari da, "anekdota politak jasotzen dira atal honetan". Itassik kanpora eta atzerrira egindako bidaia eta irteerak jasotzen dituen atal bat ere badu liburuak, "hemen 60 laguneko talde batentzat horrelako bidaia bat prestatzea zein zaila den nabarmendu dezakegu". Herrira begira eta Azpeitian Itsasik egindako ekintzen eta ekitaldien berri jasotzen da beste atal batean, beste batean herriko beste kultur taldeekin egindako harremanak eta elkarlanaren ondorioz sortutako espektakuluak agertzen dira. Liburuaren azken atalak, berriz, gaur eguneko Itsasi Dantza Taldeari buruzkoa eta dantzen bildumatxoa dira.

Itsasiri buruzko bideoaren inguruan Xabier Briz eta Agustin Lizarralde biak aritu ziren hizketan. Lehen hitza Briz-ek hartu zuen: "Taldean bideoa ateratzeko asmoa sortu zenean, neuk hartu nuen proiektoa aurrera eramateko ardura. Nondik nora ekingo eta nere argazki lagun batengana jo nuen lehendabizi, Kike Orbegozo-ngana. Kikerekin hasi nintzen, baina, bideogintzan aditua zena eta tresnak zituen norbaiten beharra ikusi genuen. Nik, Agustin Lizarralde ezagutzen nuen eta beregana jo nuen. Dokumento bat egitea erabaki genuen, taldekide ohien eta taldekide batzuen adierazpenak jaso gebituen eta horiek oinarri hartuta osatu dugu bideoa. Horri lotura bat ematen Edurne Otaegik lagundu digu eta berak sartu du ahotsa ere. 30 minutuko bideoa da". Agustin Lizarraldek "irudi asko bideoan sartu gabe gelditu badira ere, hauek denak, materiale guztia gorde" egingo dela gaineratu zuen.

Liburua eta bideoa salgai Egunotan herriko zenbait dendetan jarriko dituzte Itsasi Dantza Taldeko liburua eta bideoa saltzen. Biak batera 15 eurotan izango dira salgai, bakar bat erosiz gero 12 euro ordaindu beharko da.