Zorionak Azpeitiko Udala!

Mikel Olaizola Borda 2002ko aza. 11a, 19:11

Pasa den larunbatean, Soreasu zineman, Kontxuelo Odriozolari egindako omenaldiari buruz.

Hori da hori zirkoa!

Pasa den larunbatean, Kontxuelo Odriozola (Goenkaleko Maria Luisa) omendu zuen Azpeitiko udalak. Lehendabizi, zorionak Kontxuelori, aktore bikaina dela erakutsi baitu hainbat eta hainbat urtetan. Era berean zorionak, Lakrikun antzerki taldeari eta musika eskolako koruari, egin zutena benetan bikaina izan baitzen.

Bertan gertatu zena ikusita, ezinezkoa zait ixilik geratzea. Momentu hartan bizitako sentsazio guztiak ezingo nituzke azaldu, baina batzuen artean: inpotentzia, lotsa, pena, amorrua... sentitu nituen.

Azpeitiko Udala, kultur arloan eta zehazki antzerkigintzan herri eredu bat izan balitz bezala aurkeztu zen bertan. Zer egin du Azpeitiko udalak(PNV-EA) Azpeitiko antzerkiaren alde? Ezer ere ez!

Herriko antzerki taldeei, lagundu beharrean, trabak besterik ez dizkie jarri. Ez die, ez azpiegiturarik uzten, ez eta dirurik ematen ere eta gero gainera ez dute lotsa izpirik ere, beraiek antzerkigintzaren alde lanean ari direla esateko. Ea noiz hasten zareten, kanpora begirako gauzak, neurri batean alde batera utzita, herrikoa miresten eta babesten.

Hasi zaitezte behingoz, herrian egunero(interes pertsonalik gabe) antzerkiaren inguruan lanean ari direnekin hitz egiten, beraien beharrei erantzuten eta Azpeitiko herriari dagozkion Antzerki Topaketak antolatzen, hortan lanean ari direnekin batera. Eta utzi behingoz, bulegotik gauzak antolatzeari.

Lotsa ere sentitu nuen, ez niregatik, baizik eta Aitor Gorrotxategi (Gorro) kultura zinegotziarengatik. A ze erridikulua berea! Baina nola da posible, horrelako omenaldi dotore eta prestuan, honelako aurkezle bat egotea. Nik lotsa sentitu nuen eta nire inguruko jendearengan ere, sentsazio bera nabaritu nuen. Eta, adin, inguru, pentsaera... desberdinetako jendeaz ari naiz. Zer nahi zuen? Goenkalen aktore moduan, papelen bat lortzea? Hori da hori, protagonismo nahia. Gutxienez, ondo egingo balu..., ulertuko nuke, baina ikusitakoa ikusita.

Pena ere bazen nire barruan. A ze dirutza gastatu zutena bertan. Liburuak dohainik, luncha denentzat, musika talde bat entzuteko aukera... Eta gero, herriko taldeentzako, herriko taldeek antolatutako ekintzetarako... ez dagoela dirurik diote.

Baina noiz arte jarraitu behar duzue, herriari aurpegira parre egiten? Bidera ezazue behingoz, herritarron dirua, herritarrontzat eta fundamentuzko gauzetarako.

Eta azkenik, amorrua ere sentitu nuen. Kontxuelori oroigarria ematera nor igoko eta kiroletako zinegotzia (bai kiroletakoa) den Alejo Uranga igo. Zer dela eta eman zion, oroigarria kiroletako zinegotziak? Dagoeneko hauteskunde kanpaina martxan jarria al dago?