Elizbarrutiak Martuteneko espetxeratuentzat hainbat produktu bilduko ditu

Espetxe Pastoraltza 2002ko aza. 20a, 13:11

Artziprestaldeko (Azpeitia, Azkoitia eta Zestoa) Espetxe Pastoraleko lagunak gaituzu. Azken urteotan Elizbarrutiko Pastoraltzarekin bat eginik lanean ari gara eta Gabonetako Kanpainaren berri ematera gatoz.

Espetxe Pastoraltzako kide izanik, eta Espetxeetara egiten ditugun bisitak direla eta, ezagunak ditugu espetxeratuen bakardade, tristura eta etsipenak. Martutenen daudenak bereziki, gehiago agertzen baigara bertara.

Jakin badakigu, horregatik, jasotako eskutitz, bisita, ... edo eta detaile txikiena ere, balore handikoa izaten dela haientzat. Eta, jakina, gainean ditugun Gabon jaietan ere, garrantzizkoa da beraientzat, norbaitek gogoan dituela jakitea.

Horrexegatik jotzen dugu zuengana, zuen laguntza eskatuz espetxeratuei ondo datozkien hainbat produktu biltzeko: barruko arropa berria (gizon eta emakume), telefono txartelak, tabako gorria eta metxeroak, hortzak garbitzeko pasta eta ezkuilak, kartazalak eta seiluak, gela garbitzeko produktuak, desodorantea eta turroia. Laguntza abenduaren 15a baino lehenago Parrokira eraman behar da.

Aurrez eskerrik asko