Iñigo Aranbarri hizkuntza, euskara eta ideologiaz aritu zen

Baite Azpeitiko Euskara Elkartea 2002ko aza. 25a, 12:11
Baite Euskara Elkarteak antolatu zuen

Baite Euskara Elkarteak antolaturik, feria egunean ohi bezala, 25 lagun bildu ziren Azpeitiko Aitonenan. Joxe Luis Otamendik sarreran aipatu zuen: Idazle ugaria dela lan asko eta hainbat alor jorratuak dituena: poesia, nobela, kronika, saiakera...Artikulu ugariren egile: Jakin, Argia, Euskaldunon Egunkaria... Hitzaldiaren gaia: “Hitzak eta giltzak” bere liburuan jorratutako gaia dakar: “Hizkuntza, euskara eta ideologia”.Hitzak markatutako kartak bezala dira. Bakoitzak zein begirada, jarrera hartzen duenaren baitan erabiltzen ditugunak.

HITZALDIA

HITZALDIA

Gaur eguneko irudien munduan irudiak irakurtzen ikasi behar dela esaten da. Euskaldunok hitzak irakurri behar ditugula esango nuke. Gailegoek ere egun hauetan izango dute zer irakurri, Prestige(hara ze nolako izena) hitza dela eta, Costa da Morte izatetik, Morte da Costa izatera dagoen tartea ere hor ageri da. Atxagak esaten du poesiaren funtzioa, hitzei zarata kentzea dela. Hitzak zikin daude eta filtrotik pasatuta berriro garbituta gizartera itzultzeko. Baina egia da eta ez da.

Gauza harrigarriak ikusten dira munduan, Mexikon adibidez PRI: Partido Revolucionario Institucional. Nola liteke iraultzaile eta instituzional izatea? Joserra Garziak esango lukeen bezala boterea lortu arte iraultza eta lortutakoan irauntza. Mexikon bertan jarraituz Chiapasko arazoaren inguruan ezagun egin den beste talde baten izena Justicia y paz da baina talde paramilitarra da. Jaime Larrinagari entzuna naiz el termino paz no es adecuado porque es manipulable.

Hitzak ordea ez dira nahi gabe zikintzen, hitza bera errepikatzearen poderioz, hitzaren jabe egiten da boterea. Hori behin eta berriz ikus daiteke. Adibidez tortura hitza desaktibatu egiten da. Hainbeste aldiz erabili duten eran, tortura ez da jada polizia-etxeetan egiten dena, bahiketa da tortura. Garzonek gaur egun garbiketa etnikoa jarri du modan, neurri apalekoa garbiketa omen baina hitza bota du. Jugoslaviako gerraren ondoren hasi da hitz hori politikoki erabiltzeko joera. Aste honetan bertan Bidegainek zioen Euskaldunon Egunkarian faxista hitza desegoki erabiltzen dela. Gaur egun irain gisa erabiltzen baita bere jatorrizko zentzua galdurik. Ez du ba zer ikusirik benetan izan zenarekin.

Halako batean jakin dugu pleno empleo hitzak zer esan nahi duen Europako Batasunean, %5ez beheko langabezi kopurua. Hori da medioek erabiltzen duten logika. Bakoitzak sortzen ditu bere zaratak. Historian ere garai bakoitzak izan ditu bere hitzak. Musolinik bezala Frantzia nahiz AEBek mundu gerraren ondoren. Euskaldunon artean eta aurreko mende hasieran Arana eta bere jarraitzaileek euskararekin egin zutena ere argigarria da. Helburua gazteleraren antzik ez zuten hitzak asmatzea zen nonbait baina euskaldunek ulertzen ez zuten hizkuntza asmatu zuten. Gaur egun ere adibide ugari dira. Su-etenaren garaian ETA erakunde armatua zen. Pixka bat lehenago talde terrorista izan zena eta su-etena hautsi ondoren berriro izan den bezala. Lizarra-Garazi garaian eskenatokia hitza ugari erabili izan da. Elkarrik asmatu zuen, gaitzetsi esan beharrean ezetsi esatea, arrakasta gehiegirik izan ez arren. Otegik eta baita Ibarretxek berak ere argazkia erabiltzen dute, baina horrekin, komunikabideetan hurrengo egunen aterako den irudiaz ari dira. Konstituzionalistek gu demokratok esango dute. Argi dute beraiek direla demokratak ez beste inor.

Ez da ordea kezka hau gurea bakarrik. Luis del Olmoren programan oso arduraturik azaldu ziren beraiek zerabilten hizkuntzagatik. Etsaiaren amarruan erori zirela esanez. Adibidez: Reibindikatu hitza gaizki erabiltzen zutela, reibindikazioa lortu nahi den zerbait dela eta ez egindako ekintza baten aitortza. Kale borroka, presunto...ziren etsaiaren beste amarruak. Ez gara ba gu bakarrik hortaz ohartuak.

Oso adibide garbia da Josu Urrutikoetxearekin gertatzen dena. Izena den bezala, euskal medioek bakarrik erabiliko dute, Espainiakoek, denek, Josu Ternera erabiliko dute. Gaitzizena ordea, fitxa poliziala ari da gogoratzen, delinkuentzia, legez kanpokoa... horiek dira gaitzizenez aipatzen direnak, ez parlamentarioak. Kasu bakarra izango da. Parlamentuan dabiltzan eta ibili diren gehiagok ere izan dituzte klandestinitateko izenak baina ez dira erabiltzen. Felipe Gonzalezi ez dio inork Isidoro esaten, eta horrela beste asko. Zapatisten irakasbidea oso egokia da guretzat. Ez dute gerrarik irabazi baina bai munduko askoren sinpatia, erabili dituzten metodoei esker. Kaputxaz jantzi gara ikus gaitzaten eta antzeko esaldiak zabaldu dira medioetan. Hitzekin irabazten dira gerrak eta euskaldunok horretan oker gabiltza.

Ez gara Afrikako kolonien pareko baina esan daiteke gurean ere kolonizatzaileak bere hizkuntza ezartzen digula, Loteria Nacional: loteria nazionala; Carretera Nacional: errepide nazionala. Diskoak erostera joaten bazara, apala baten argi jarriko du nacional edo nazionala. Oso ezaguna da **chicarrón del norteren erabilera. Nik inoiz pero yo soy del sur esan eta ez dute ulertzen. Geu ere sarri erori gara joko horretan, hori onartuz. Norteko ferrokarrila adibidez. Egunkarietan ikusitako bineta batzutan adierazgarria da, marrazkian ertzaina dardarka agertzen zen eta testuak zioen: ertzaintza iparreko sindromeaz jota. Zergatik hori? Garai batean Guardia Zibilen artean ezaguna zen Espainian sindrome del norte. Hori zen euskarazkora ekarria. Hurrengo binetan oraindik nabarmenago, kaleko jendea ubelduraz eta zauriz beterik eta testua: Iparra ertzaintza sindromeak jota**.

Galduta ditugu behera eta gorako erreferentziak. Lehen ibaiaren arabera behera zen eta gora haren aurka. Gaur ordea behea eta goia maparen arabera dira. Madrilera bajatu egiten gara. Mapan gabiltza.

Beste gauza bitxia Nafar Gobernuari eskatzen diogu Espainiako monarkiaren arrastoak ezaba ditzan eta noiz eskatu behar diogu gauza bera Errealari? Nafarroak kendu ditu bere armarritik eta Errealak noiz?

Eraikitzen ari garen euskal ereduari harrika egin beharrean gaude behin baino gehiagotan. Iparraldeko kirolariak iparraldekoak dira soilik, hemengoak ordea herri, auzo eta guzti. Didier des Champs iparraldeko jokalaria da; Urzaiz nafarra eta Olano Anoetakoa, **Unanue Añorgakoa**. Teleskopiotik mikroskopiora pasatzen gara. Ez ditugu maleziaz egiten, oso jatorrak gara baina hala egiten ditugu.

Telebistako saio baten ikusia naiz. Neska alai bat Iparraldera doa mikrofonoa harturik, Kanboko lizeora, han zer giro bizi duten eta jakitera. Hasteko esaten du kamerari begira: ikusiko dugu zer izen dituzten, euskaldunak ala arraro samarrak, frantsesak. Hasi da galdezka eta bati: Zure izena nola da? Uhain. Nola? Uhain! Hori euskalduna al da? Bai! Horrek zer esan nahi du? Hau horrelaxe grabatu zen eta horrelaxe eman zen. Ez zuen inork eragotzi. Otegi y el labortano Larralde van a donde Ibarretxe irakurri dugu egunkarietan. Euskaldun batzuk bigarren kategoriakoak dira. Hori da kolonizatzailearen hizkuntza.

Egia ez izan arren eta hori badaki berak, Ibarretxek euskaldun guztion lehendakari dela esaten du. Nafarrak, lapurtarrak, zuberotarrak zer? Euskadi hitza nahiko erabakia dago Euskal Autonomi Erkidegoa dela baina Euskal Herria hitzarekin aberiak egiten ditugu oraindik. Badago beste ohitura bat deitura bera duten bi pertsonaren deitura desberdin idaztekoa. Jauregui sozialista da eta Jauregi udalbiltzakoa. Durangoko PPko Pedrosa Urkizaren bigarren deitura euskal medioek Urquiza bezala idatzi dute eta berdin Zarauzko Iruretagoyena. Abertzalea bada euskal grafiaz eta bestela erdal grafiaz. Hori oso arriskutsua da. Era horretan kale izen asko aldatu beharko genituzke. Eta toponimoekin zer? Ideologiagatik abizenak erdal grafiaz ematea oso grabea da. **Karlos Arguiñanok bere izena horrela idazten duenean badaki zer egiten duen. Haserako K horrek euskal nortasuna ematen dio baina bigarren gui horren ordez gi** jarrita, Espainian nahasmena sor lezakeenez, horregatik ematen du horrela. Ez ditu ba izen deiturak euskaldunokin pentsatuz erabiltzen, espainiarrekin baizik.

Arrazakeria arrastoak ere badaude zenbait albistetan. Albiste bat aipatzeko. Luxenburgoko bahitzaile baten kontua zen. Albistea Luxenburgo txikia aipatuz hasi zen eta gero bahitzaileaz, dirudienez argeliarra da eta buruko arazoak ditu. Durangoko bidesarian kamioilari batek nonbait lo hartu eta aurretik eraman zituen 2-3 auto. Albiste hartan esan zen: hiltzailea turkiarra zen. Berez Alemaniarra zen gidaria eta jatorri turkiarrekoa. Neu entzuna nago istripu baten berri ematean, bi pertsona hil eta 3 marokoar zauriturik gertatu dira. Diario de Navarrak beti bereizten ditu navarros y vascos. Pepe Rey kazetaria esaterako gallego etarra da. Hiztegietan hasiko bagina, emagaldu, astagaitza (hilerokoa), ajeumea ... eta antzekoak aurkituko ditugu. Gaur egun taliban ugaritu den antzera, garai batean, barbaro, mongol, kafre, koreano, ijito... eta antzekoak ziren nagusi. Diego Garciari esker Azkoitia-Azpeitietan hezur beltz eta antzekoak indarrik gabe gelditzen hasi dira.

Hizkuntzarekiko zenbait jokaera ere Euskaldunon Egunkariari esker bistaratu egin dira. Ardanzak bezala Ibarretxek ere bidalitako idatziren baten azpian jarri izan du erredakzioan itzulia. Horrek gauza asko adierazten digu.

Hizkuntzak guri gimnasia, ariketa asko egitea eskatzen digu, hitzak nola erabiltzen ditugun eta nola kargatzen ditugun jakitun izan gaitezen. Eguneroko bizitzak erakusten digu zer ez egin. Hizkuntzarekiko filtro honetan eskertzekoa Antton Olariagak umore ez diglosikoa eginez eta Euskaldunon Egunkariak estilo liburuaren bidez egiten diguten lana. Kultur Komunitatea garela onartzen bada zenbait jarrera eta jokabide ez doaz bide beretik. ETB 2 batez ere baina baita ETB 1eko zenbait jokabide ez dagozkio Kultur Komunitate horri. Euskaldunon ikuspegitik oso urruti dabiltza.