Azpeitia, Udalsarea 21eko partaide da

Agenda 21 Azkoitia-Azpeitia 2003ko urt. 23a, 21:01

Azpeitiko Udala Udalsarea 21eko partaideetako bat izango da aurrerantzean, EAEko beste hamabost udalerrirekin batera. Iaz, abenduaren 20an, Gasteizen, Lehendakaritzako egoitzan, Eusko Jaurlaritzak, Araba eta Gipuzkoako Foru Aldundiek, EUDEL eta hamasei udalerrik, tartean Azpeitiak, sinatu zuten lankidetza hitzarmena Euskal Herri Jasangarrien Sarea Udalsarea 21 osatzeko.

Udasarea 21 lankidetza hitzarmenaren helburua koordinazio eta lankidetzarako topagunea sortzea izan da. Parte hartzen duten udalerrietan Agenda 21aren ekintza planaren ezarpen prozesuaren gauzatze lanak bultzatu eta udal kudeaketan ingurumen aldagaiaren integrazioa lortzen laguntzeko asmotan.

Dagoeneko hamasei udalek osatzen dute sarea, baina gainontzeko herrietan Agenda 21 prozesuak aurrera doazen neurrian kopuru hori, epe laburrean, handituz joango dela aurreikusten da. Helburua, E.A.E.ko udalerri guztiak bertan ordezkatuta egotea da.

Hitzarmena sinatu zen egunean gainera, sarean parte hartzen duten udalek, Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Sailburuaren eskutik, azken urteotan Agenda 21en diseinua bukatzeko eginiko lanaren aintzatespen gisa diploma bana jaso zuten.