"Teorian hizkuntza komunitate honi dagokiona da, munduko edozein hizkuntza komunitateri dagokiona"

Baite Euskara Elkartea 2003ko urt. 27a, 19:01

Baite Euskara Elkarteak antolaturik hilaren 15an Aitonenako aretoan Behatokiko arduraduna den Paula Kasaresen hitzaldi interesgarria izan genuen. Hona pasarte batzuk.

"Hizkuntz Eskubideen Deklarazio Unibertsalak hizkuntza aipatzean esaten du: Edozein gizarte, lur eremu zehatz batean (eremua errekonozitua izan ala ez), historian zehar lur eremu batean izan den gizartea, bere burua herritzat daukana, hizkuntza komun bat darabilena kideen arteko komunikazio naturalaren eta kultur kohesioaren bidetzat... Lurralde bateko berezko hizkuntza edo hizkuntza propioa izan nahi duen lurralde horretan historian zehar ezarritako komunitatearen mintzagaiari egiten zaio erreferentzia. Eta ondoko puntu batean dio: Berez hizkuntza guztiek, hizkuntza komunitate guztiek, eremu propio batean historikoki bizi izan diren hizkuntza komunitate guztiek badituzte eskubide norbanako edo indibidual batzuk eta kolektibo batzuk. Eskubide indibidual batzuk hiztun gisa eta eskubide kolektibo batzuk hizkuntz komunitate gisa. Hizkuntza komunitate guztiek dituzte eskubide berberak. Hau da Hizkuntza Eskubiden Deklarazio Unibertsalaren planteamendua. Teorian zer dagokion hizkuntza komunitate honi: Munduko edozein hizkuntza komunitateri dagokiona"

"Gaur egun bost estatus juridikopean dago euskara. Alde batetik, iparraldean, euskarak ez du errekonozimendu jurudikorik eta hegoaldean, errekonozimendu ofiziala badu EAEn (lurralde osoan)eta Nafarroan eremu txiki batean bakarrik, bestean ez da ofiziala. Eta hau da egoera. Guztiz egoera jurudiko diferentea da administrazioka, nahiz eta hizkuntza, hizkuntza berezkoa izan lurralde osoan".

"Iparraldean euskarak ez du inongo errekonozimendu ofizialik. 1992. urtean Frantziako Konstituzioa aldatu zuten (moldatu zuten) hain zuzen ere esaldi bat sartzeko eta sartu zuten esaldia hauxe zen: Frantsesa Errepublikaren hizkuntza da. Duda baldin bazegoen duda kentzeko. Gaur egun zaila da pentsatzea hizkuntza batek bizirauten ahal duela baldin eta ez badu tokiko administrazioen eta botere publikoen babesa eta errekonozimendua".

"89. urtean Baionako auzitegian bi akusaturi ez zitzaien onartu beren burua euskaraz defendatzea; 91. urtean ikastetxe bateko 2. mailako ikasleei ukatu egin zitzaien azterketak euskaraz egiteko eskaria, 92.ean Parisko Stoller prokuradoreak euskararen erabilira ukatu zien iparraldeko nahiz hegoaldeko akusatuei."

"Gaur egun, duela bi urte edo antolaturik (sorturik) bada Hizkuntza Kontseilua izeneko foroa, nolabait esateko, eta urrats batzuk ematen ari dira irakaskuntzan, komunikabideen alderdian edo erabilera publikoari dagokion eremuan euskarari praktikotasuna eta lekua emateko. Baina gehiago filosofia da. Ofizialtasuna ez dugu, beraz hasi gaitezen lanean eta gauzak de facto eta erreal egiten".

"Hegoaldean euskarak duen egoera jurudikoa azaltzeko 78ko Konstituziotik hasi behar dugu. Nafarroan 86an euskararen legea onartu zuten eta euskararen legea onartzearekin ezarri zen Nafarroan gaur egun ezagutzen ditugun hizkuntza eremu horiek. Iparraldean eremu txiki samarra dago, eta morroitza handia du (morroitza ekonomikoa) hiriburuarekiko. Hegoaldean berriz, euskara ofiziala da gaztelaniarekin batera eta zatitze horren arabera ofizialtasun hori gezurrezko ofizialtasun ere izan daiteke.

Erdialdean, eremu mistoan, ez da hitz egiten estatus ofizialez baina herritarrei aitortzen zaie zenbait eskubide. Hegoaldean, eremu ez euskaldunatzat ezagutzen denean, herritarrei ez zaie ia eskubiderik onartzen.

Hasteko Nafarroako Gobernuak aitortu zuen antolatze jurudiko linguistikoa zalantza handikoa da, ez delako aurrikusten bete betean Konstituzioaren 3. Art, puntu horretan 82ko Foru Hobekuntzak esan zuen euskara ofiziala izanen da euskara hitz egiten den Nafarroako tokietan (en las zonas vascoparlantes) baina 86.ko legeak ez du esaten en las zonas vascoparlantes; zona vascofona esan zuen. Eta vascofona ere zer ote den? Ez dakigu ze irizpide jarraitu zen hori esateko; arbitrario samarra izan daiteke."

"Nafarroan hautatu zen irtenbidea ez zen Nafarroari den bezalakoa zegokion irtenbide bakarra; hori hautaketa politikoa izan zen eta zatikizuna izan zitekeen beste modu batekoa. Hori garbi dago. Garbi da edozein erabakik badituela bere ondorioak, eta erabaki horrek ere izan ditu bere ondorioak. Adibidez, hezkuntzan: iparraldean, gurasoen esku dago haurrak igortzea D eredura, euskaraz ikasteko edo A eredura, nagusiki gaztelaniaz ikasteko eta euskara soilik ikasgai gisa izan dezten. Eremu mistoan, teorian gauza bera gertatzen da, legeak hala dio, baina gero zenbait ratio ezarri ziren eta oso ratio handiak dira ez bakarrik hiriburuan, are gehiago herrietan, eta horrek esan nahi du behin baino gehiagotan (bi aldiz gertatu da) 18 haur bilduta Nafarroako Gobernuak D ereduko gelarik ireki nahi ez izatea. Orduan gurasoen eskuetan dagoen aukera baldintzatua da. Eremu ez euskaldunean irakaskuntza publikoak ez du hartzen euskarazko eredurik, eta D ereduan ikasteko aukera bakarra ikastolak dira".

"Pentsa dezagun, administrazioan, Nafarroako Gobernuaren administrazio gune nagusiak non dira? Iruñean. Non daude hospitalak? Non daude unibertsitateak? Non daude Nafarroako Auzitegi probintzialak? Non daude kominikabide handienak? Herritarrei administrazioarekiko eskubideak aitortzen zaizkie, baina eskubide horiek gauzatzeko eremu fisikoa eremu horretatik kanpo kokatzen baldin badia garbi da eskubide horiek ezin direla gauzatu. Nafarroako antolamendu jurudiko linguistiko honetan hiriburuari estatus berezia eman ez izanak ekarri du ondarean, hemen iparraldean, (Nafarroako iparraldea) dagoen ofizialtasunak, gezurrezko ofizialtasuna dela esan ahal izatea".

"Egoera horrela aldatu zutenek ez zuten seguruenik inondik inora espero 16 urtetan (15 urtetan) muga guziak jarrita ere euskarak egiten ahal zuenik horrelako hedatzea, horrelako zabaltze soziala. Eta batez ere hori aipatu izan da Nafarroako eragileak bi izan direlarik Nafarroako oraingo hizkuntza egoera eztabaidatzeko; hori aipatu izan da arrazoietako bat gisa. (Nafarroako Gobernuak hartu duen inflexio puntu hori) Hizkuntza politika horren aldaketa etorri da egoera haientzako sobera ona zelako; haien ikuspuntutik euskarak sobera egoera ona zuelako. Nik ez dakit, hori aipatua izan da eta horri nonbait berriro mugak jartzeko etorri dela orain dugun inboluzioa; eta inboluzioa nabaria da, atzera jotze legislatiboa ere izan da".

"Azkenik, Euskal Autonomi Erkidegoan (EAE), euskara ofiziala da eta teorikoki egoera ona dela ematen badu ere, praktikan hau ez da horrela gertatzen eta arazoa inplementazioan datza. Honen adibidea osasungintza da. Osakidetzarako oposaketetan postu bakar batetarako ere ez da hizkuntza perfilik eskatzen. Beste arlo batzuk ere erakusgarri dira. Horrela, hezkuntza arloan hainbat ikasgai oraindik ezin dira euskaraz ikasi. Justizia arloan ere euskara ez dago bermatua".

"Bukatzeko, Behatokiari dagokionez, egoeraren azterketa objetiboa egin eta euskarari egindako urraketak salatzen dituela esan behar. Kontsulta juridikoak, aipamen positiboak eta kexak jasotzen dira bere telefonoan (902 194 332). 2002. urtean 1018 dei izan ziren, hauetatik 802 kexak ziren. Kexak egiteaz gain komenigarria da baita ere erreklamazio orrietan (hoja de reclamaciones) salatzea".