Uztarriak larunbatean aurkeztuko du Patxi Altunari buruzko biografia

Uztarria.eus 2003ko ots. 5a, 13:02
Uztarriak azpeitiar pertsonaia esanguratsuen bizitza landuz atera duen laugarren biografia da

Uztarria Azpeitiko Kultur Koordinadorak bere laugarren liburu biografikoa aurkeztuko du larunbat honetan, otsailaren 8an: Patxi Altuna azpeitiar euskaltzain oso eta jesulagunarena. Aitonenako hitzaldi aretoan izango da aurkezpena, 12:00etan hasita. Josune Etxeberriak idatzi du biografia. Hain zuzen ere, Patxi Altunaren ikasle ohia da Etxeberria.

Uztarriak azpeitiar pertsonaia esanguratsuen bizitza landuz atera duen laugarren biografia da Altunarena, aurretik Joxe Takolorena , Angel Otaegirena eta Imanol Eliasena atera dituelako. Oso harrera ona eduki dute liburuxka horiek herritarren artean.

Patxi Altuna biografiak 163 orrialde ditu, argarki asko dauzka, formato atsegin eta txikikoa da, eta Uztarriak egun hauetan helaraziko die bere bazkideei. Liburua erosi nahi duenak, berriz, astelehenetik aurrera salgai izango du, zazpi eurotan, ondorengo leku hauetan: Lagun Onak Mendi Bazkunan, Zuhatzen, Pastorkuan, Martinez dendan, Eklipse dendan, Belaetxe dendan eta Uztarrian bertan (943 15 0358 telefono zenbakira deituz).