Igandean izango da Udaberriko XXVI. Argazki Rallya

Azpeitiko Argazki Elkartea 2003ko api. 1a, 12:04

Udaberriko XXVI. Argazki Rallya datorren igandean, apirilaren 6an, egingo da. Rallya Azpeitiko Argazki Elkarteak antolatzen du, eta aurtengo edizioa Azpeitia eta Getaria bitartean egingo da.

Udaberriko rally honetan nahi duten guztiek har dezakete parte. Horretarako, Azpeitiko Argazki Elkarteak Julian Elorza Hiribidean 4ean duen egoitzan eman behar da izena, igandean bertan 8:30etik 9:30era bitartean. Parte hartzeko ordaindu beharrekoa 14:30ean Uranga jatetxean egingo den bazkarian parte hartu edo ez ezberdina izango da. Nagusiek bazkaririk gabe 36ko erroiloa eta hamaiketarako txartela jasoko dute 10 euroren truke, bazkariarekin 28 euro ordaindu beharko dute. Bazkaritara joateko laguntzaileek ere badute aukera 18 euroren trukean. Hamasei urtez beherakoek, aldiz, bazkaririk gabe sei euroen truke 36ko erroiloa eta hamaiketarako txartela jasoko dute, bazkariarekin 15 euro ordaindu beharko dute.

Argazki Rallyaren ibilbidea Azpeitia eta Getaria artean izango da, eta argazkiek landu beharreko gaiak sei izango dira. Gai hauek irteeran ezagutaraziko dira.

Sariak

Hainbat sari aurreikusi dira Rally honetarako. Nagusien artean lehen bilduma onenaren egileak 120 euro eta Azpeitiko Eskudela jasoko ditu, bigarren bilduma onenak 90 euro eta garaikurra eta hirugarren bilduma onenak 60 euro eta garaikurra. Nagusientzat sari bereziak ere izango dira: rallyko argazki onenak, fototeka argazki onenak eta herriko lehen sailkatu ez sarituak garaikur bana jasoko dute. Gaztetxoen mailan berriz, 16 urtez beherako hiru bilduma onenen egileek garaikur bana jasoko dute.

Sari hauek guztiak Urola Trenaren geltokiko entzun eta ikuskizun gelan banatuko dira aurrez ezagutzera emango den egun eta orduan. Ekitaldi horretan bertan, argazki onenekin diapositiba emanaldia eskainiko da. Diapositiba sarituak antolatzaileen esku geldituko dira, hauek erabiltzeko eskubidea izango dutelarik beti ere egilearen izena aipatuz.

Azkenik esan, oinarri hauetan jasotzen ez den zerbait sortuz gero, bere erabakia antolatzaileen esku legokeela.