Antxieta Antzerki Taldea desegin da

Uztarria.eus 2003ko api. 1a, 19:04
Lehen antzezlana, Sendagai Traketsa, 1981ean taularatu zuten eta azkena, Hamar minutu gau erdirako, 1997an

Azpeitiko Antxieta Antzerki taldeak 22 urteko jarraipenaren ondoren desegitea erabaki du, eta larunbatean, martxoaren 30ean, taldeko kideak Kiruri jatetxean afaritarako bildu ziren taldeari agurra emateko.

Antxieta Antzerki taldeak bere jarduera uztea erabaki du 22 urteko ibilbidearen ondoren. IƱigo Agirrek, taldeko kideak, Uztarriari adierazi dionez "hainbat arrazoi" da tarteko: "Udalak, 1999an Sanagustinpean egin beharreko lanak zirela eta, biltzeko genuen lokala kendu zigun, eta beste lokalera ez gara egokitu; taldeko zenbait partaidek antzerkia gehiago lantzeko erabakia ere hartu zuten, eta telebistako lanak egiten hasi eta kanpora joan ziren eta besteok, hoztu egin ginela ere esan daiteke".

1981etik antzerki munduan

Antxieta Antzerki taldeak oraindik ere taldea osatzear zela, 1981ean, taularatu zuen Ustegabeko Poza, bere lehen antzezlana. Antzezlan honen ondoren taldea osatu eta Antxieta Antzerki Taldea izenarekin sortu zen. Talde bezala osatu ondoren lehen lana Sendagai Traketsa 1982an taularatu zuten. Lan hau Imanol Eliasek idatzi zuen, eta zuzendari lanetan ere bera aritu zen. Taldeak herrian antzerkiaren pizkunde berri bat ekarri zuen, eta 1983an Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketak hasi ziren.

Antxietan Antzerki taldeak 22 urteko ibilbidean hamalau antzezlan taularatu ditu. Lehenengo hamarrak Imanol Eliasek zuzendu eta idatzitakoak ziren eta besteak, berriz, egile eta zuzendari lanetan lagun ezberdinak izan zituzten. Azkena Nagore Aranbururen Hamar minutu gau erdirako 1997an taularatu zuten.

Antzezlanak

  • Sendagai traketsa, 1982 urtea
  • Jokoa Nagusi, 1983 urtea
  • Lapurreta urtsua, 1984 urtea
  • Bi ahoko ezpata, 1985 urtea
  • Handitasun ametsak, 1986 urtea
  • Hiru morroiak, 1987 urtea
  • Sendagile dantzaria, 1989 urtea
  • Bat, bi, hiru, 1989 urtea
  • Komedi zaharrak, 1990 urtea
  • Beste mundukoan eta zoro bat, 1991 urtea
  • Nornorinork, hau saltsa, 1992 urtea
  • West side isteria, 1994 urtea
  • Gertatutakoa agian, 1995 urtea
  • Hamar minutu gau erdirako, 1997 urtea

Antzerki Topaketetan Antxieta Taldeak hainbat sari jaso ditu, bai antzezlana beragatik, bai dekorazioagatik eta bai aktoreek beraiek egindako lanagatik ere.

Taldean 35 lagunek hartu dute parte, gehienak azpeitarrak, besteak, azkoitiar, elgoibartar eta zumaiarrak.

Ondarea

Antxieta Antzerki Taldeak badu urte hauetan bildutako ondare materiala eta ekonomikoa. Argiztatze tresneria eta bestelako ondare materiala Lakrikun Antzerki Taldeari ematea erabaki da, Lakrikun-ekin beti izan baitute harreman ona eta material trukaketa.

Azkenengo lanekin lortutako dirua, berriz, Uztarria Kultur Koordinadorak jasoko du. Antxieta bera koordinadorako partaidea baita eta taldeak kultur arlorako utzi nahi izan baitu dirua.

Argazkian larunbateko, martxoaren 30eko, bi une.