Giro paregabean inauguratu dute Hazparnen ikastolaren eraikin polita

Baite Euskara Elkartea 2003ko api. 28a, 14:04
Lapurdiko herria Azpeitiarekin anaituta dago, eta han izan ziren Ikasberriko eta Baiteko ordezkariak

Hazparnek ere badauka ikastolako eraikin moderno eta txukuna, atzo inauguratu zutelako. Giro ederrean igaro zen eguna. Azpeitiarekin anaituta dago Lapurdiko herria, eta han izan ziren Ikasberri Ikastolako eta Baite Euskara Elkarteko ordezkariak.

Badute meritua Hazparneko euskaltzaleek: euskara ez da ofiziala Ipar Euskal Herrian, euskarazko hezkuntzak trabak jasotzen ditu Frantziako Gobernuaren aldetik, euskararen aldeko giroa ez da sobera ona, baina, alta, euskaltzaleek euskararen alde lanean dihardute, eta Hazparneko adibidea da horren erakusgarri: atzo —igandean, apirilak 27— inauguratu zuten Hazparnen (Lapurdi) ikastolaren eraikin berria. Azpeitiarekin anaituta dagoen herria da hura; preseski, Azpeitiko herriak 1984. urte inguruan hasi zituen Hazparnerekin, eta oraindik baditu, batik bat Ikasberri Azpeitiko Ikastolaren bitartez. Igandean han izan ziren Ikasberrikoak —autobusa antolatu zuten—, eta Baite Euskara Elkarteko ordezkaritza ere izan zen. Lapurdiko herrian ziren, halaber, Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua, Josune Ariztondo EAJko EBBko idazkaria, Jose Mari Agirre Udalbiltzako (EAJ-EA) zuzendaritzako kidea eta Xarlo Etxezarreta Udalbiltzako (ezker abertzalea) kidea. Jacques Coumet Hazparneko auzapeza (UMP) ere ekitaldian zen, “euskararen aurkako sutsua den arren”, hango euskaltzaleek Baiteko ordezkariei erran zietenez.

Giro paregabean inauguratu zuten Ezkia Ikastola. Eguraldia hagitz ona zen, eta ikastetxeko haurrek saio politak eskaini zituzten: dantzak, antzezpenak, bertsoak… Gaur egun 112 ikasle ditu Ezkiak, eta leku onean dago kokatua: herri erdian.

Frantziako hezkuntza sistemari kritikak

Eguerdian izan zen ekitaldia, eta haurren saioen ondotik, ikastolako arduradunek hitz egin zuten. Mitxel Etxeberri, Seaska Iparraldeko Ikastolen Elkarteko ordezkariak gogor hitz egin zuen Frantziako hezkuntza sistemaren kontra. “Frantziak euskal hezkuntzaren aurka egiten du, eta gure hizkuntza erailez euskal kultura desagerrarazi nahi badu, erran dezala, Iparraldeko gizarteak merezi bezalako erantzuna emanen du eta”. Eskerrak eman zizkien Ezkia Ikastolaren alde lanean jardun dutenei, “arazoak ukan baditugu ere”.

Maite Erdozaintzi, ikastolako zuzendariak, laudorio anitz bota zizkien ikasleen gurasoei, “zuen iraunkortasuna gabe eskola hau ez zelako sekula zutituko”. Orain arte bezala, Seaskaren proiektua “garatzen” segituko dutela erran zuen Erdozaintzik, eta ikastolako haurrei beha egin zituen azken hitzak: “Zuek, ikasleok, egun batean utziko duzue ikastola hau, eta bihotzean eta ezpainetan eramanen duzue euskara, eta Ezkia Ikastolatik mundu zabalerat joanen da euskara”.

Mokadu batekin eta jendearen arteko hitzaspertuarekin eman zitzaion bukaera ekitaldiari.