Gabonetarako jokatzen egongo da Mikel Labaka

Uztarria.eus 2003ko ira. 17a, 19:09

Mikel Labaka, Ciudad Murcia taldeko futbolari azpeitiarrak lotailu gurutzatua hautsi gabe dauka azkenean, eta ez du ebakuntza beharrik izango. Jokatzeko moduan izango da Gabonak alderako.

Mikel Labaka futbolariaren lesioa ez da uste zen bezain larria. Ciudad de Murcia, Espainiako Bigarren A Maila taldeko jokalari azpeitiarrak, barruko aldameneko lotailua (ligamentua) apurtuta du, baita meniskoa ere, aldamenean. Hala ere, lesioa larritzea ekarriko zuen lotailu gurutzatua ez dauka apurtuta, herenegun arratsean egin zioten azterketan ikusi zen bezala; Labakak duela bi asteburu egin zuen belauneko lesioa, partida batean, eta hasieran lotailu gurutzatua puskatu zuela uste zuten.

Oraintxe arte, ebakuntza egin behar izaten zen bi haustura horietatik osatzeko, baina gaur egun ebakuntzarik egin gabe osatze lanak eginez senda daiteke lesioa. Beraz, Labaka ez dute operatuko.

Hiru bat hilabetean osatze lanak egin beharko dituela adierazi dio Uztarriari Labakak berak. Zubietan egingo ditu osatze lan horiek, Realaren instalazioetan —Realeko jokalaria da bera, eta Ciudad de Murciara dago utzita denboraldi honetarako— eta "baloia ukitzen eta lasterka ondo egiten" hasten denean, Murtziara joango da.

Hori hiru bat hilabete barru izatea espero du. Baina, pertsonaren eta eboluzioaren arabera denbora, gehiago edo gutxiago pasa dezake.

"Lasaitu ederra" hartu duela dio. Baina hiru hilabete ere badela denbora, baina jokatu gabe sei hilabete egon zitekeela entzun ondoren hiru hilabete egongo dela jakiteak lasaitu egin du.