Euskal preso politikoen eskubideen aldeko baraualdiak berriro hasi dira

Uztarria.eus 2003ko aza. 17a, 18:11
Euskal preso politikoen aurkako erasoei Stop! Euskal presoak Euskal Herrira da larunbatean hasitako barauldiaren lema

Euskal preso politikoen eskubideen aldeko barauladi berriari joan den larunbatean eman zitzaion hasiera. Oraingoan Euskal preso politikoen aurkako erasoei Stop! Euskal presoak Euskal Herrira lemapean. Larunbatean egindako prentsaurreko masiboarekin eman zioten hasiera. Bertan herriko hainbat eragiletako ordezkariak eta herritarrak bildu ziren. Baraualdi hauekin euskal preso politikoek bizi duten eskubideen zapalketa salatzea dute helburu. Barandallaren alde egindako baraualdiei jarraipena emanaz bi baraualdiak uztartu nahi izan dituzte, “Barandallaren kasua ez delako bakarra”.

Uda aurretik amaitu ziren “Barandalla askatu 92. Artikulua orain" lemapean egindako 24 orduko baraualdiak. Bertan 14 txanda desberdin egin zituzten eta 90 pertsona inguruk hartu zuten parte. Larunbatean hasitako baraualdiak datorren urteko Saninazioak arte luzatzeko asmoa dute eta herriko eragile guztiei eta norbanako guztiei baraualdi horietan parte hartzeko deia luzatu die antolatzaileek.

Bestalde, barauldiez aparteko ekintzetan parte hartzeko deia ere luzatu zuten Azpeitiko Askatasunakoek.

Gainera, datozen hilabeteotan eta urtea amaitu arte egin asmo diren ekitaldien berri eman zuten:

  • Abenduaren 11n, 20:30ean, Hausnarketa Nazionala.
  • Abenduaren 24an, kontzentrazioa.
  • Abenduaren 31n, manifestazio ixila.
  • Urtarrilaren 1, 01:00etan brindisa.

Egutegiak salgai

Euskal Presoak Euskal Herrira Azpeitiko Plataformak 2004ko egutegiak kaleratu ditu. Herriko hainbat denda eta tabernetan daude salgai. Egutegi horiekin, presoen eskubideak urteko egun guztietan gogoraraztea da eta salmentatik eskuratuko duten diruarekin urtean zehar antolatuko dituzten ekintzak finantzatzea da helburua.