Azpeitian Gazteok Zer?! taldea berriro elkartzen hasi da

Uztarria.com 2004ko ots. 5a, 20:02
Joan den larunbateko bilera
  • Asteazkenetan bilduko da AGZ?!, Sindikatu Zaharrean, 21:00etan
  • Aurrera begirako egitasmoen inguruan ere aritu ziren larunbateko bileran

Joan den larunbatean, urtarrilaren 31n, Azpeitian Gazteok Zer!? taldeak bilera egin zuen, berriro elkartzen hasi eta abian hasteko. Batzarrean 27 urte leporatu nahi dizkieten 9 gazteen egoeraren inguruan aritu ziren. Uztarria Azpeitian Gazteok Zer!?-ekin egon berri da eta kide batek esan duenez, "irakurketa egin dugu gazte horien egoeraren inguruan, eta babestu egin behar direla uste dugu". Aurrera begira gazte horiei babesa azaltzeko ekintzak egiteko asmoa ere badu taldeak.

Gaztegunearen inguruan ere aritu ziren. Udalari proposamena luzatu zioten eta proposamen horri eusten diotela jakinarazi zuten. "Gure jarrera irekia da eta beti gaude hitz egiteko prest. Gisa horretako proiektu bat aurrera ateratzeko ezinbestekoa da gazteak kontuan hartzea, gero gazteok erabiliko baitugu gune hori. Hala egiten ez bada, proiektu horrek ez du ezertarako balioko".

Hemendik aurrera AGZ?! asteazkenetan bilduko da, Sindikatu Zaharrean 21:00etan. Asteroko bileretan parte hartu ezin eta lanerako gogoa dutenekin, berriz, hilean behin bilera zabala egiteko asmoa dute.