'Hitza'-ren aurkezpenak jakin-mina sortu du

uztarria 2004ko ots. 11a, 17:02
'Urola-Kostako Hitza'-ren aurkezpena Sindikatu Zaharrean izan zen
  • Uztarriak, Gari Berasaluze zuzendariak eta Bertako Hedabideek azaldu zuten proiektua; bete egin zen aretoa
  • Euskarazkoa izateaz gain, zerbitzuak eskaintzen dituen egunkaria izan nahi du

Astearte arratsaldean aurkeztu zen Urola-Kostako Hitza euskarazko egunkariaren proiektua Sindikatu Zaharrean eta jende ugari bildu zen bertan. Aurkezpenean Gari Berasaluze, Hitza-ko zuzendaria, Laxaro Azkune Uztarria Kultur Koordinadorako lehendakaria, eta Iban Arregi Bertako Hedabideetako kidea izan ziren.

Laxaro Azkunek Uztarriak proiektu honetan parte hartzearen arrazoiaz eta aldizkariak Hitza-ren sorreraren ondorioz izango duen berrikuntzaz hitz egin zuen. Euskarak produktu erreferentzialak behar dituela eta erreferentzia hori Hitza izan litekeela esan zuen. Horren haritik, apirileko Uztarria aldizkariaren 50. zenbakiak "berrikuntzak" izango dituela jakinarazi zuen.

"Kalitatekoa eta plurala"

Gari Berasaluze, Urola-Kostako Hitza-ren zuzendaria, eskualdeko euskarazko egunkaria sortzeko proiektuari buruz aritu zen. Egunkariak eguneroko herri informazioa lantzea du helburu, "eta hori euskara hutsean jorratuko da, prentsa arloan dagoen hutsunea betetzeko". Horretarako lan talde profesional bat osatu eta "kalitateko kazetaritza, pluraltasuna eta zerbitzuak helburu" dituen produktua sortu nahi dute. Berasaluzeren hitzetan, "eskualdean gehien irakurtzen den egunkaria izatea lortu behar da", eta horretarako produktuaren edukiak eta lantzeko moduak "zaindu" egin behar dira. Proiektuak besteak beste udalekiko duen izaera independentea azpimarratu zen aurkezpenean, nahiz eta "harreman handienetako" eurekin izango dituztela aitortu.

Egunkariak Urola-Kostako 11 herrietako informazioa bilduko du, oro har zortzi orrialdetan. Informazio hori eskualdeko euskara batuan eskainiko da, "herri bakoitzeko hizkera kontuan izanda".

Hitza, izena ematen duten guztiek jasoko dute doan (Uztarriako bazkideek eta harpidedunek izenik eman beharrik ez dute, Uztarriak egingo dituelako egunkariko harpide). "Baina autofinantzazioak gora egiteko, urtean 285 aldiz etxeko buzoian zortzi orrialdeko euskarazko egunkaria jasotzeagatik, uda ostean 40 euroko borondatea" eskatuko litzateke.

Gizarte eragileak enpresako kide

Iban Arregi, enpresa ereduari buruz mintzatu zen eta proiektua aurrera eramateko sozietate mugatua duen egitura sortu dela esan zuen. Erakundea Urola-Kostako euskara elkarteek (%45), Bertako Hedabideek (%35) eta Urola-Kostako gizarte eragileek (%20) osatzen dutela azaldu zuen. Azken horietan Hitzaren alde dirua jarriko duten eragileak sartzen dira; besteak beste, enpresak eta kirol elkarteak, eta, bide batez, parte hartzeko aukera eta gonbidapena egin zitzaien gizarte eragileei (Azpeititik dagoeneko, lehen harremanen ondoren, Lagun Onak Mendi Bazkuna, Karmelo Etxegarai Azpeitiko Ikastola, Ikasberi Azpeitiko Ikastola eta Urola Ikastola enpresako kide dira).

Hilaren 20an 1. zenbakia; festa, 19an, Zarautzen

Otsailaren 20an irtengo du 1. zenbakiak, eta egun bat lehenago, 19an (ostegunez) egingo da aurkezpen-festa: Zarautzen, 20:00etan, Zinema Frontoian. Bideo bat botako da, bertsolariak ariko dira, antzerki esketxa egingo dute Alproja taldekoek... "Azpeitiar denak daude gonbidatuta. Polita izango da", diote sustatzaileek.

Hitza-ri buruz berri gehiago izateko, sakatu hemen