"Euskal Herriak egoera itxaropentsua bizi du", dio Julian Eizmendik

Uztarria.eus 2004ko api. 5a, 18:04
  • Udalbiltzako lehendakariaren ustez, Espainiako Gobernu aldaketa da arrazoi nagusietakoa; Udalbiltzaren iritziz, Nazio Eztabaidagunea da beste bat
  • Igandean da Aberri Eguna eta Hondarribian ekitaldia antolatu du Udalbiltzak (EAJ-EA)

Datorren igandean da Aberri Eguna, eta EAJk eta EAk kudeatutako Udalbiltzak Hondarribian antolatutako ekitaldian herritarrei parte hartzeko eskatu die.

Julian Eizmendi, Azpeitiko alkatea eta Udalbiltzako lehendakaria, goizean eginiko adierazpenetan, baikor agertu da egoeraren aurrean. "Euskal Herriak une itxaropentsua bizi du. Horretarako arrazoi nagusia Espainian egongo den gobernu aldaketa da". Eusko Jaurlaritzaren Estatutu berrirako proposamenari ere garrantzia eman zion, "aukera guztien arteko zubiak eraikitzea eskatuko baitu".

Eizmendirekin batera Jesus Mari Agirrezabala Udalbiltzako lehendakariordea ere bazegoen prentsaurrekoan, eta honen ustez, "Nazio Eztabaidagunea bezalako ekimenak ere elkarrizketa susta dezake" eta horrek bere garrantzia omen du gaurko egoeran.

Aberri Egunerako Udalbiltzak atera duen agirian, lau oinarri nagusi jaso dira: "Giza eskubide guztien errespetua pertsona guztientzat; indarkeria amaitu beharra; elkarrizketaren garrantzia; eta euskal herritarrek libre eta demokratikoki aukeratzen dutena errespetatzea".