Albaceteko presoek baraualdia utzi dute kartzelako zuzendaritzaren borondate ona ikusita

Uztarria.eus 2004ko api. 14a, 18:04
  • "Eskubide murrizketak eta erasoak" salatzeko hasi zuten protestaldia
  • Gose grebaren ondorioz, joan den astean gernuko infekzioa izan zuen Sebas Lasak

Askatasunak jakinarazi duenez, Albaceteko espetxean baraualdia hasi zuten euskal presoek, Sebas Lasa Lagun Onak futbol taldeko atezain ohia barne, atzo gauean uztea erabaki zuten kartzelako zuzendaritzari borondate ona ikusi zietelako.

Sebas Lasa donostiarrak eta harekin batera baraualdia hasi zuten Txus Goikoetxea, Zigor Larredonda eta Txus del Badok, 32 egun igaro ondoren utzi dute gose greba.

Martxoaren 11ko sarraskiak gertatuz geroztik, "eskubide murrizketak eta eraso larriak" izan zituztela eta, gose greba hasi zuten Albaceteko espetxean. Grebak utzi dizkie ondorio batzuk euskal preso politikoei: Lasak 25. egunerako 12 kilo galdu zituen eta joan den astean gernuko infekzioa izan zuen eta odola botatzen zuen txiza egitean. Infekziotik sendatu da, hala ere. Del Badok ostegunean utzi behar izan zuen gose greba osasun arazoak izan zituelako. Zigor Larredonda, erietxera eraman zuten igandean arritmia kardialak eta tentsioa desorekatua zuelako. hala ere, gose grebarekin jarraitu zuen atzo gauera arte.

Eskubide murrizketen baitan honako kasuak aipatzen ziren: "Bisitarako baimena preso bakoitzaren 10 laguni baino ez ematea, senideei eta abokatuei telefonoz deitzeko debekua ezartzea eta modulu ezberdinetan edukitzea eta ondorioz elkarrekin ezin egotea". Eta erasoei dagokionez del Badok hiru eraso jasan izana salatzen zuten eta azkena "labanaz eta funtzionarioek animatuta".