Maria Jesus Aranburu eta Idoia Elorza, GBBko kide

Uztarria.eus 2004ko mai. 15a, 21:05
Goiko lerroan, ezkerretik laugarrena da Elorza, seigarrena Aranburu; bien erdian, Egibar.
  • Gaur, larunbata, egin da batzarra, eta Joseba Egibarrek erraz irabazi du
  • Irabazlearen taldekoak dira bi azpeitiarrak

Gaur, maiatzak 15, erabaki da Gipuzku Buru Batzar (GBB) berriaren osaketa, eta bertan dira Maria Jesus Aranburu eta Idoia Elorza azpeitiarrak. Lehendakari izateko bi hautagai aurkeztu dira: Juan Mari Juaristi GBBko azken lehendakaria (2000-2004) eta Joseba Egibar GBBko lehendakari ohia (1987-2000).

Aurreikuspenak betez, Egibarrek irabazi du, botoen %78arekin; 125 boto eskuratu ditu. Juaristik, 36. Aranburu, Egibarren taldekoa da.

Azpeitian ere Egibarrek irabazi zuen, Uztarriak jakin duenez. 28 aldeko boto eta Juaristik 20. Emaitza horren arabera, Azpeitiko EAJren uri batzarrak Egibarren aldeko botoa eman du gaur.

Aranbururen eta Elorzaren artean, aurrena da esperientzia politiko handiena duena. 1990 hamarkadan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatu izan zen. Diputazioko administraritza lanetan ere ibili da. Gaur egun berriro irakaskuntza arloan dabil; Urola Ikastolan.

Biekin batera, hauek izango dira GBBn: Joseba Egibar bera, Jose Mari Txato Agirre, Elias Arrese, Luis Mari Bandres, Irune Berasaluze, Sofia Bereziartu, Patxi Ezkiaga, Eneko Goia, Jon Jauregi, Lourdes Jauregiberri, Aitor Olaizola, Koldo Pereira eta Rafa Uribarren.

Bestetik, Salbador Gorostola, Azpeitiko EAJko kidea, Aberri Batzarreko ordezkari aukeratu dute, Gipuzkoatik, beste hamazazpi lagunekin batera.

Alex Etxeberria Azpeitiko EAJko buru

Azpeitiko EAJn ere aldaketak daude: Alex Etxeberria da orain lehendakaria. Ramon Etxeberria ordezkatu du. Bi urtean behin egiten du alderdiak aldaketa. Batzordeko zortzi kideren artean egin zen bozketa eta Etxeberria hautatu zuten.