Udalak eta Uztarriak Komunikazio arloan ere hitzarmena sinatu dute

Uztarria 2004ko eka. 11a, 17:06
Julian Eizmendi eta Laxaro Azkune akordioa sinatzen

Azpeitiko Udalak eta Uztarria Kultur Koordinadorak hitzarmena lortu dute beste arlo estrategiko batean ere akordioa: Komunikazioan. Aurten bertan, martxoaren bukaeran, Euskarakoa sinatu zuten, herrian euskararen normalizazio plangintza elkarrekin egiteko eta gidatzeko. Hain zuzen, Komunikaziokoa gaur arratsaldean sinatu dute Julian Eizmendi Azpeitiko alkateak eta Laxaro Azkune Uztarriako lehendakariak, udaletxean.

Hitzarmenaren iraupena 2005eko abendura artekoa da. "Bi aldeak horrela nahi izanez gero, urtez urteko luzapena emango diote. Luzapen horiek gehienez 2007. ekitaldira artekoak izango dira (ekitaldi hau barne)".

Komunikazio arloan Udalaren eta Uztarriaren arteko bigarren hitzarmena da. 1999ko azaroan sortu zen Uztarria herri aldizkaria, eta 2000-2001eko akordioa sinatu zuten 2000ko ekainean. 2002ko urtarrilean Uztarriak hitzarmen berria proposatu zion Udalari, baina gaur sinatu da, azken asteetan lortutako adostasunari esker.

Hitzarmen berrian ere esaten da Uztarriaren "aldizkaria, webgunea eta bestelako proiektuak (mendi gida, literatura gehigarria...) autonomoak" izango direla. Oraingo hitzarmenaren arabera, Udalak aldizkarian ez ditu bi orrialde propio izango, berak egindakoak —2000an eta 2001ean eduki zituen—.

Bide batez, Udalak segituko du Uztarriaren Komunikazio arloko zuzendaritza batzordeko kide izaten, Uztarriako zuzendaritzako kide batekin, erredakzioko kide batekin eta Uztarria Kultur Koordinadorako talde batekin batera.

Uztarriak, Komunikazio proiektu honetan, 2004rako 91.820,80 euroko aurrekontua dauka. Udalak 2004an 26.444,52 euro emango dizkio.

Horretaz gainera, badu beste berrikuntza bat hitzarmenak: "Azpeitiko Udalak modu erregularrean bere iragarkiak sartu ahal izango ditu Uztarria aldizkarian".

Uztarriaren balorazioa

Uztarriaren ustez, "garrantzitsua" da Komunikazioko hitzarmen berria. Aurreko hitzarmena ere (duela lau urte, 2000. urteko ekainean sinatutakoa) halaxe zen, garrantzitsua, baina hau aurrerapausoa da ordutik. Udalak herriko elkarte baten lana aitortzen du, eta baldintza ekonomiko aldetik ere hobera egin dugu. Beraz, aurrerapausoa da aitortza eta baldintza aldetik".

Denbora gutxian Udalak eta Uztarriak "arlo estrategikoetan" egindako bigarren akordioa da Komunikaziokoa —aurrekoa Euskarakoa izan zen— "eta hori oso garrantzitsua da aurrera egiteko eta herriaren eraikuntzan oinarriak jartzeko. Beste esparru batzuetara zabaltzeko bide eman dezake honek denak, eta Uztarriaren arloetan —Euskara, Komunikazioa, Kultura— bion artean elkarlana sakontzeko eta adostasun berriak lortzeko".

Komunikazioko hitzarmen honetan ez da sartu Urola-Kostako Hitza egunkariaren kontua; izan ere, Hitza-ren enpresan Uztarria beste bazkide bat besterik ez da, "eta Udalarekin diru laguntzez hitz egitean, Hitza-ren enpresak eta Udalak hitz egin beharko dute, ez Uztarriaren bitartez".