"Jaietan ere" presoen alde mobilizatzeko deitu du Askatasunak

Urola-Kostako Hitza 2004ko uzt. 21a, 15:07
  • Askatasunakoek ikasturte politikoko balantzea egin eta jaietarako deitutako mobilizazioen berri eman zuten

Amaitzear den ikasturte politikoaren egoera "larria" dela azpimarratu dute Azpeitiko Askatasunakoek. "Urte hasieran ere euskal preso politikoen eta iheslarien egoera larria zen PPren gobernuarekin, baina PSOEk agintea hartu duenean ez da aldatu. Horren adibide da, Oihane Errazkin presoaren heriotza; sakabanaketak eragina izan da", adierazi zuen Josu Labaka Azpeitiko Askatasunakoak. Urte guztiko lanarekin bat eginez, "jaietan ere" preso eta iheslarien alde lan egiteko deia egin dute Askatasunakoek.

Kontu hontan herriko eragile desberdinek erakutsi duten jarrera "positiboa" dela azpimarratu zuten. Adibidetzat, urtean zehar egin diren mobilizazioak jarri zituzten: baraualdian egin diren 31 txanda, Pausoz Pauso ekimenaren "arrakasta" eta Elkartasun Egun "jendetsua eta parte hartzailea".

Euskal Herrian bizi den "egoera larriak" Azpeitian ere isla baduela esan zuen Xabier LarraƱaga Askatasunako kideak: "11 errepresaliatu ditugu herrian, eta haien egoera ez da samurra. Paterra, herritik mila kilometrora dago eta irailean 15 urte beteko ditu espetxean. Joxinek, astelehenetan ditu bisitak eta hamar lagunen bisita mugatua du, Txapi eta Jabi bisiten aurretik biluztu egiten dituzte; banan-banan, herriko presoen eta iheslarien egoera gordina da. Horregatik, herriko jaietan antolatu diren mobilizazioetan parte hartzeko gonbita egin nahi diegu herritarrei eta eragile desberdinei". Larunbat honetarako, Preso eta Iheslarien Eguna antolatu dute.