Urrakiko igoeran, Zabaleta eta Vilariño faboritoen artean

Urola-Kostako Hitza 2004ko ira. 10a, 12:09
Iñaki Alberdiren Toyota Celica GT-Four lasterketan izango da.
  • Igandeko auto lasterketan euria egiñez gero, Iñaki Alberdik ere "aukera asko" izan ditzakeela diote antolatzaileek

Astebururako Urrakiko XXII. igoera antolatu dute Lagun Artea eskuderiakoek. 59 autok hartuko dute parte, eta horien artean lehen postua lortzeko borroka, Bergarako Aitor Zabaleta eta Hondarrabiko Ander Vilariñoren artean egongo da. Biak ere auto ederrak dituzte proba irabazteko: Zabaletak Lola Diamante eta Vilariñok, berriz, Formula 3000 Reynard. Vilariño, duela gutxi arte, World serieetako Epsilon Euskadi taldean ibili da.

Baina motorreko proba guztietan gertatu ohi denez, eguraldiak eragin handia izango du, eta igandean euria egiten badu "Iñaki Alberdik ere aukera asko dituela", esan du Jorge del Cidek, Lagun Arteakoak. Alberdik, auto berria erosi du: Toyota Celica GT-FOUR-a eta harekin hartuko du parte.

Joxe Labaka ere igoeran izango da. Autoari, Escort Cosworth-ari abiadura kaxa aldatu dio, eta lasterketan orain artean baino lasaiago ibiliko da. Lehen, autoak etxetik ekarritako abiadura kaxa zuen, eta tentuz ibili behar izaten zuen.

Lagun Artea eskuderiakoak buru belarri dabiltza igandeko lasterketa prestatzen, eta zorigaitzik ez gertatzeko gomendio hauek eman dituzte: ikusleak leku seguruetan jartzeko, eta antolatzaileek ematen dituzten ohar eta gomendio guztiei kasu egiteko. Bestalde, errepideko bide bazterretan egongo diren zabor poltsak erabiltzeko eskatu dute, "horrela mendia ez delako zikinduko, eta ingurugiroari kalterik ez zaiolako egingo".

Egitaraua

Larunbata

  • 16:00. Azpeitiko epaitegi aurrean Urrakiko igoeran parte hartuko duten autoen egiaztapena. 18:00ak arte. Autoak ikusgai egongo dira.

Igandea

  • 09:30. Lasterketako parte hartzaileen aurkezpena.
  • 10:00. Entrenamenduak.
  • 11:30. Lehen igoera ofiziala.
  • 13:00. Bigarren igoera ofiziala.
  • 14:30. Sari banaketa Sagasti-Zahar jatetxean.