Ekimenak gazteak babesteko

Urola-Kostako Hitza 2004ko urr. 5a, 19:10
  • Bederatzi gazteren aurkako epaiketa azaroaren 3 eta 4an izango da
  • Behin betikoa izango delakoan dira

Orain dela bi urteko inauterietako Elegante egunean, orduan alkate zen Jose Mari Bastida eta zenbait gazteren artean izandako liskarrengandik bederatzi gazte daude epaiketaren zain (bosna urteko kartzela zigorra eta isuna eskatzen diete); aurreko deialdian epaiketa bertan behera gelditu zen lekukoak agertu ez zirelako eta orain azaroaren 3 eta 4rako daude deituta. Bederatzi gazte horien ustez "itxura guztien arabera" behin betiko epaiketa orduan izango da.

Egoera horren ondorioz Azpeitian Gazteok Zer?! taldeak uste du "une honetan inoiz baino indartsuago" atera behar dela kalera "injustizia horiek" salatu eta gazteak "babestera". Hil honetan hainbat ekimen egingo dituela ere iragarri du gazte taldeak: "Orain herriko eragile desberdinekin harremanetan jartzen ari gara, gure ikuspegia azaldu eta babesa bilatzeko asmotan".

Aste honetan udaletxean egingo den udalbatzarrean Azpeitian Gazteok Zer?!-ek aurkeztutako mozio bat eztabaidatuko dela ere iragarri dute eta han parte hartzeko deia zabaldu die herritarrei. Bestetik, aisialdi ekitaldiak eta hitzaldiak egiteko asmoa dute eta hilaren bukaeran, urriaren 30ean manifestaziora deitu dute.

Bestetik, AGZ?! taldeak, Euskal Herriko hainbat gaztetxeren aurka "ematen ari diren erasoak" salatu ditu.