"Anoetan jokatzea beti da berezia"

Urola- kostako Hitza 2004ko urr. 27a, 13:10
Labaka igandean erabili zuen kamisetarekin. Nerea Uranga
  • Anoetan Realarekin lehen partida jokatu zuen igandean Mallorcaren aurka (2-1) Mikel Labakak

Mikel Labaka Realeko jokalari azpeitiarrak Anoetan lehenen partida ofiziala jokatu zuen igandean Mallorcaren aurka; 2-1 irabazi zuten. Igor Jauregi lesionatuta zegoelako Amorrortu entrenatzaileak erabaki zuen Labakak jokatzea.

Asteburuan Realarekin lehen partida jokatu zenuen. Zer moduz sentitu zinen?

Igor Jauregi lesionatuta zegoela eta entrenatzaileak joan den asteazkenean prest egoteko esan zidan. Ostiralean, prentsan esan zuen nik jokatuko nuela eta nahiko lasai hartu nuen; egia esanda, futbol kontuan ez naiz buruari buelta gehiegi ematen dizkiona. Partida batekin ondorio asko ezin dira atera, nahiz eta niretzako igandekoa partida berezia izan. Anoetan afizioarekin jokatzen da, eta han jokatzea beti da berezia, eta batez ere lehenengo partida izanda.

Zure lehen partida eta ondo jokatu zenuen?

Ez dut uste oso partida ona egin nuenik. Baloia ziurtatzera joan nintzen; irabazi beharreko partida zelako, ez nintzen konplikatu, eta agian baloi luzeekin gehiegi jokatu nuen. Partida irabazita, gauzak beste era batetara ikusten dira beti. Izugarrizko partida jokatu nuela ez da egia.

Eta bigarren partida noiz?

Partida bat jokatu dudalako nire lanak ez du zertan aldatu behar. Erabakia entrenatzailearen esku dago, orain arte hala izan da eta hala izan behar du. Denok jokatu nahi dugu eta baita nik ere.

Gurasoei zor diezula diozu.

Jende askorekin ibili naiz. Jokalari eta entrenadore asko ezagutu ditut, eta une horietan denekin akordatzen zara, baina txiki-txikitatik momentu onetan eta txarretan gurasoak izan ditut beti ondoan, eta haiek nik adina edo gehiago merezi dutela uste dut.

Igandean jantzi zenuen Realeko elastikoa gorde egin duzu. Zer egingo duzu harekin?

Denek berdina galdetu didate. Oraingoz etxean edukiko dut, eta gero, lehenengo partida gogorazteko gordeta izango dut.