Bina urteko kartzela zigorra eta isunak bederatzi gazteentzako

Uztarria.eus 2004ko aza. 3a, 14:11
  • Gaur goizean izan da epaiketa eta "baldintza guztiak betetzen dira kartzelara ez joateko"
  • Gazteen abokatu Luix Barinagarrementeriak zigorra bertan behera uzteko eskatu du

Gaur goizean izan da orain dela bi urteko Elegante Egunean izandako istiluak direla-eta Azpeitiko bederatzi gazteen aurkako epaiketa (orduan herriko alkatea zen Jose Mari Bastidaren eta gazte lokalaren eskean zebiltzan gazteen artean istiluak izan ziren), eta epaileak, fiskalak hala eskatuta, bina urteko kartzela zigorra ezarri die gazteei. Luix Barinagarrementeria, gazteen abokatuak esan du "baldintza guztiak betetzen" direla "kartzelara ez joateko eta ia ziurra da ez direla joango". Izan ere, gazteek aurrekaririk ez dute, kaltetuak bere burua "indemnizatutzat" jo duelako, eta legearen arabera, bi urteko kartzela eskaerak espetxeratzea bera saihesten duelako.

Defentsako abokatuak gaurko epaia "bertan behera uzteko" ere eskatu du, "horretarako ere ematen direlako baldintzak", eta orain erantzun horren zain daude; ez dakite noiz izango den erantzuna.

Pauso garrantzitsu bat emateko

Zigor kodean, bi urte arteko kartzela zigorra ematen denean eta kondenatuak zenbait baldintza betetzen baditu kartzela zigorrik ez dela beteko esaten da. Barinagarrementeriak uste du gazteen kartzeleratzea saihetsiko dela, baina hori epaitegiak esan beharko du. "Kaltetua nolabait indenmizatua izan da, zigortuak ez dute aurrekaririk eta bi urteko kartzela zigorra eskatzen zaie. Orain zigorraren suspentsioa eskatuko dugu eta hori epaitegiak onartu egin beharko du. Oraindik beraz ez dago onartua, beraz, pauso garrantzitsu bat dago emateko. Sententzia irmoa da eta bederatzi gazteak printzipioz kondenatuak daude bi urteko kartzela zigorra betetzera. Orain, legeak ematen digun aukera horri heldu behar diogu, gazteak kartzelara joatea saihesteko. Nik, zalantzarik gabe, uste dut saihestuko dela, baldintza guztiak ematen direlako".

Isunak ere jarri dizkiete. Hiru hilabeteko isuna egunero diru kopuru baten ordainarekin: lau gaztek eguneko hiru euro ordaindu beharko dituzte eta beste bostek eguneko 1,21 euro. Lesioak egiteagatik, beste hilabetez ere ordaindu beharko dute egunean bakoitzari dagokion kopurua.

Hirugarren aldiz joan dira gaur Donostiako Epaitegira herriko gazte horiek. Aurretik ere bitan deituak izan dira auzi beragatik, baina ez zen epaiketarik egin. Lehen saioan, bertan behera geratu zen, baina fiskaltzak kartzela zigorra bost urtera igotzeko eskatu zuen. Bigarrenean ere epaiketarik ez zen izan, fiskaltzak lekukoen presentzia beharrezkoa zela esan zuelako eta hauek ez zirelako agertu.

Gaur egin da hirugarren saioa. Lekukoak bertan izan dira, eta epaiketa egin egin da. Lekukoek bigarren deialdian hutsegin ostean, haiei 150 euroko isuna jarri zieten; hirugarrenean agertu ezean, epaitegikoek neurriak hartuko zituztela ohartarazi zieten.