Apirilean hasiko dira alde zaharra berritzeko lanak

Urola-kostako Hitza 2005ko urt. 14a, 16:01
  • Asteazkenean obren berri emateko batzarra egin zuten udaleko ordezkariek, merkatariekin eta alde zaharreko bizilagunekin
  • Plaza Txikian eta Enparan kalean lurra eta azpiegiturak berrituko dituzte

Alde zaharrean urbanizazio eta zorua berritzeko lanak egiten hasiko da Udala; lehenengo fasean, Plaza Txikia eta Enparan kalea (Enparango zubiraino) berrituko dira. Hori dela eta, Udalak deituta batzar zabala egin zen herenegun, merkatarien elkarteekin eta alde zaharreko bizilagunekin.

Julian Eizmendi alkatea eta Udaleko hirigintza batzordeburua, Jose Luis Mangas Udaleko Industria, Merkataritza eta Turismo batzordeburua, udaleko Arturo Rivas arkitektua eta Jose Mari Arregi aparejadorea eta Jon Txabarri proiektuaren egilea izan ziren egitasmoari buruzko azalpenak eman zituztenak.

Eizmendik, alde zaharra eraberritzeko lanekin legegintzaldi hasieran hartutako konpromisoari erantzuna ematen hasiko direla azaldu zuen. 90.000 euroko aurrekontua du obrak, "60.000 euro Udalak jarriko ditu, eta gainontzekoa Eusko Jaurlaritzatik jasotako diru laguntzarekin finantzatuko da". Obrak nork egin martxoaren bukaerarako erabakiko dute, eta apirilean lanak hasiko dira; urtearen bukaerarako dena bukatuta egotea espero da.

Obra zaila

Alde zaharra berritzeko proiektua egin duen Jon Txabarriren esanetan, "obra, obra guztiak bezalaxe, ez da erraza izango, baina gero onerako izango da. Aldea antzemango d".

Bi lan egingo dituzte: lur azpiko azpiegiturak berrituko dira, eta zoladura berria jarriko da. "Granitoarekin egingo dugu zoladura, gogorra delako. Eta lanak zatika egingo dira: lehenengo erdialdea altxako da eta bi aldetara espaloiak utziko dira, eta gero bi aldetan egingo da obra. Dena batera ezin da hustu, pasoak utzi behar direlako". Lur azpiko zenbait hodi zahartuta daudelako berriak jarriko dira. Bestetik, zoru berria "ahal den heinean" etxebizitzen eta denden sarreren mailan egingo da, "kaleak punturik bajuena erdian izango du, eta ura erditik bideratuko da eta ez orain bezala, bazterretik".

Lur azpiko edukiontziak

Lurra altxatu egin behar denez, zaborraren edukiontziak lur azpian sartzea aztertu du Udalak. "Herri desberdinetako adibideak ikusi ditugu, eta Azpeitiko alde zaharrean non jarri ere aztertu dugu. Lur azpiko zaborren edukiontziek 2,5 metroko zuloa behar dute, eta eskuinaldean jarri behar dira, gero husteko. Orain da garaia edukiontzientzako lekuak aurreikusi eta zuloak egiteko", azaldu zuen Arregik.

Trafikoa

Alde zaharreko trafikoa ere antolatu egin beharko da lanak egiten ari diren bitartean. Bestetik, Udala gaur egun mugikortasunaren plana egiten ari da, eta hor ateratako emaitzekin neurriak hartuko ditu Udalak.

Alde zaharreko trafikoa nola itxi eta piboteak nola jarri ere aztertzen ari da Udala. "Modu desberdinak daude hor, eta bat aukeratu beharko da", azaldu zuen Arregik. Aparkalekuak Soreasun eta Zelai Luzen egitea aurreikusita du Udalak.

Batzarrera joan ziren merkatariak alde zaharreko argiztapenarekin kexu agertu ziren; "Argi gutxi" dagoela zioten. Rivas arkitektuak neurketak eginda zituztela gaineratu zuen, eta emaitza "argi nahikoa" dagoela dela. Dena den, kontuan hartuko zutela esan zuten Udalekoek, baina zorua berrituta aldea nabarmenduko dela gaineratu zuten, zuria izango delako.

Gainera, Udalak aurtengo aurrekontuetan etxaurreak berritzeko diru partida jarri du, eta bizilagunak etxaurreak berritzera "animatu" nahi ditu.