Lehertu da festa, euri artean

Urola-Kostako Hitza 2005ko urt. 20a, 13:01
  • Eguraldi txarrari amorerik eman gabe, azkenean jai giroa nagusitu zen atzo (urtarrilak 19) herriko kaleetan eta plazan
  • Danborradaren aurretik bilerak izan ziren, eta azkenik plazan guztiak izan ziren

Euria ari zuen. Goitik behera. Behar bezala, jakina. Edo ez. Eta dudak. Irten daborradan? Ez irten? Zalantzak taldeetan. Eta Udalean. Bilerak. Bat baino gehiago. Gaueko hamaikak arte. Batzuk, irteteko prest. Besteak, ez. Larrua arazoa batzuek; hau da, danborreko larrua, edo taldekideen sukarra, edo... Eta tentsioa talde batzuen artean. Bai? Ez? Edo zer?

Ezohiko itxura Azpeitian. Euria latz, eta gaueko hamaiketan hiru talde baino ez irteteko prest, Udalak zioenez: Arrantzale, Oilo-Soro eta Amnistia. Eta euria gelditu egin zuen. Eta, normala den bezala, beste taldeak ere animatu. Baina zenbat? Denak? Udalekoei galdetu eta ez zekiten ezer ezer garbirik. Erabakia: ahal zuena eta nahi zuena, azal zedila parroki aurrera. Eta azkenean, talde denak ; denera, 700 bat danbor-jotzaile. Asko. Ondo.

Kontuak kontu, danborradarekin lehertu zen festa atzo iluntzean. Eguraldi tristea egin zuen baina taldeek ez zuten amorerik eman Azpeitian.

Lehen geldialdia Soreasuko Sebastian donearen parrokiaren atarian egin zuten taldeek. San Sebastian martxa eta Soreasuko Sebastian jo zituzten han. Parrokiko saioa bukatu ondoren danborradak plazarako bidea hartu zuen.

Gauerdirako taldeak plazan ziren, eta udal musika bandako musikariak kioskoan. Banderadunak, udaletxeko balkoira igo eta San Sebastian martxa jotzeari ekin zioten jotzaileek. 00:00etako kanpaiak entzutearekin batera, herriko bandera igotzeari ekin zion Julian Eizmendi alkateak. Festa, lehertu egin zen. Amnistia eta Barratsu taldeek udal oroigarria jaso zuten, 25. aldia zutelako atzo.

Eta, plazan, ertzainek Garikoitz Etxeberria Kafe Haikako kidearen aldeko pankarta kendu egin zuten, eta zinegotzi lapurrei buruzkoa ere bai.

Herriko presoak gogoan

Herriko danborradako talde eta elkarteek, urtero bezala, "euskal presoak Euskal Herriratzeko" eskatu zuten atzo, plazan. "Festa giroan bildu gara herritar gehienok, baina aurten ere ez gaude denok. Paterra, Joxin, Kafe, Gotzon, Txapi, Jabi eta Maider herritik urrun daude, eskubiderik gabe, Frantziako eta Espainiako espetxetan giltzapeturik eta borrokaldian", zioten. Taldeen babesa izan zuten. Topaguneak balkoietan maindireak jartzea eskatu zuen.