Joseba Iriondo: "Gatazka batzuk mediatikoak dira"

Urola-Kostako Hitza 2005ko urt. 26a, 13:01
  • Kazetari azpeitiarrak gaur, urtarrilak 26, Getarian hitzaldia emango du Getaria eta Hirugarren Mundua jardunaldietan
  • Urola-Kostako Hitza egunkarian galdera batzuk erantzun ditu

Hauxe Hitzan esandakoa:

"Kazetari azpeitiarrak Getaria eta Hirugarren Mundua jardunaldietan hitzaldia emango du gaur, 20:00etan, Alondigan. Komunikabideetan azaltzen denak egiazkoa dela ematen du, baina errealitatea beste bat dela dio.

Komunikabideak gezurretan aritzen al dira?

Ez, baina ematen du komunikabideetan agertzen ez dena ez dela existitzen. Munduaren zati handi bat ahaztuta dago. Leku gatazkatsuetan dagoen kazetari oso gutxi ikusi ditut gezurretan; oro har, komunikabide enpresa handiak dira gezurra esaten dutenak, baina ez kazetari arruntak.

Ahaztutako munduaren zatia Hirugarren Mundua al da?

Zati bat, bai, behintzat. Gatazka mediatikoak-eta azaltzen dira, baina beste batzuk ez. Gainera, geure burua engainatzen dugu informatuta gaudela uste dugulako. Iraken, esaterako, liskarren irudiak bakarrik ematen dizkigute, baina jendea nola bizi den ez dakigu. Urtebete da irudi horiek jasotzen ez ditugula, baina badakit urik eta argindarrik gabe daudela, eta pena da hori ez azaltzea. Gatazketan batzuk mediatikoak dira, eta mediatikoetan gai batzuk ahaztuta daude.

Nahita ahaztuta?

Gero eta zalantza handiagoak ditut. Komunikabideen autokritika egiteko eragozpenik ez dut, baina gizarteak ere badu zerikusia. Adibidez, Frantziako egunkarietan Afrikari buruzko albiste asko azaltzen da, eta El Pais-ek ere kazetariak bidaltzen ditu hara, baina gizarteak ez ditu albiste horiek irakurtzen. Interesatzen zaigula diogu, baina ez ditugu irakurtzen. Kritika bi aldeetara da: komunikabideei eta gizarteari.

Informazioaren gizartea hala al da?

Informazioaren itxurakeria duen gizartea da. Bagdaden, kazetari mordoa bildu ginen, baina genuen informazioarekin ezin daiteke miraririk egin. Gure testigantza zuzenak asko lagundu zigun, eta AEBei min egin zien, baina ez genekien gertatzen zen guztia".