EA: "San Martingo proiektua defenditzeko obligazioa dugu"

uztarria 2005ko mar. 22a, 21:03
Manuel Unanue, Julian Unanue eta Inaxi Bereziartua EAko ordezkariak prentsaurrekoan.
  • San Martingo proiektua 857 milioi pezeta merkeagoa dela esan du, eta espazioa badagoela egiteko
  • EAJk "datu bakar bat ez" duela eman kritikatu du EAk

Adin nagusiko eta ezintasunak dituzten pertsonen beharrei erantzuteko ari direla lanean azpimarratu dute Azpeitiko EA alderdiko ordezkariek, gaur (martxoak 22) emaniko prentsaurrekoan.

Azkenaldian San Martingo egoitzaren etorkizunaz asko hitz egin da, batik bat EAJ eta EA alderdien artean izan diren desadostasunengatik. EAk joko horretan ez duela nahi jarraitu, baina azkenengo ohar batzuk ematea "beharrezkoak" dituela esan du.

Hasierako modeloa

San Martinen, 20 urtera begirako proiektuan, 120 pertsonentzako "egoitza bat" , 40rentzako eguneko zentroa eta 20rentzako apartamentu tutelatuak egitearen alde dagoela adierazi du EAk, "hasierako modeloa defenditzen" duelako. Euren hitzetan, San Martinekoek ere dagoen lekuan jarraitu nahi dute, eta prest daude "denen artean" 120 pertsonentzako egoitza egiteko.

"Udala da hasierako modulotik mugitu dena", diote. "Bi zatitan egin nahi dute: 76+60 eta +60. Guztira 196. Guk 76+44, guztira 120. Guk %95ean betetzen dugu". Gainerakoan, apartamentu tutelatuen eta eguneko egoitzaren inguruan bi alderdien arteko proposamenetan alde handirik ez dagoela esan dute.

Julian Unanue Azpeitiko EAko lehendakariak hirugarren adinekoek San Martinen jaso duten zerbitzua hobetzea zaila izango dela gaineratu du: "San Martingo egoitzak kalitate ona du, eta Loiolan beste bat egiten bada zaila izango da zerbitzu hobea eskaintzea".

Espazioa

"Udalak San Martinen espaziorik ez dagoela dio, baina hori gezurra da, eta hala erakusten dute IƱigo Giberten eta Pedro Fernandezen proiektuek. Azken honek 2004an eta 2005ean aurkeztu zituen eta bietan San Martingo egokia dela dio", esan du Manuel Unanuek.

Ekonomia

Egoitza, lur azpiko aparkalekuak eta eguneko zentroa egiteak 653 milioi pezeta kostatuko da San Martinen, EAkoek esan dutenez. Aldiz, "alkatearen proiektuak" 1.510 milioi pezeta behar dituela esan dute. "857 milioiko aldea dago batetik bestera; esanguratsua da PNVk egunkarietan argitaratu dituen bi iritzietan ez duela datu bakar bat bera ere aipatu". Alde hori nondik datorren azaldu dute: "Udalak Loiolako lurrengatik 130 milioi ordaindu ditu. Urbanizatu gabe daude eta horrek beste 100 milioiko kostua dakar, gutxi gorabehera. Foru Aldundiak 300 milioi jarriko ditu, eta eraikitze lanek 327 milioi balioko dute. Guztira, 857".

PNVri erantzuna

EAJk, zinegotzien bidez eta alderdi bezala, EAri buruz eginiko adierazpenak "gezurrak" direla esan dute: "Guk datu partzialak eta kontestutik kanpokoak egin ditugula esan digute, ez dakitela gure datuak nondik atera ditugun, garestiagoa dela esaten dugula, apartamentu tutelatuak kontuan ez ditugula hartzen balioaren konparazioa egiterakoan (eurek aurkeztutako triptikoan egin ez duten bezalaxe), adostasuna lortzeko gai ez garela. Gezurrak dira. Alkateak lortu behar du herritarren arteko adostasuna, eta San Martinekoekin ez du lortu eta Udalean ere PNV bakarrik gelditzen da".

Alderdi bezala proiektua "ez eskubidea bakarrik, baizik eta defenditzeko obligazioa" dutela esan dute.

Aurrez egon diren iritziak honakoak dira: