Gurutz Ansola eta Imanol Lazkano, Uztarriaren ohorezko bazkide dira

Uztarria 2005ko eka. 10a, 16:06
Pako Garmendia, Gurutz Ansola, Imanol Lazkano eta Joxe Luix Gorrotxategi, ekitaldian.

Urtero bezala, euskararen alde lan eskerga egin dutelako beste bi azpeitiar Uztarriaren ohorezko bazkide egin dituzte gaur (larunbata)

Euskararen alde egin duten lana aitortu nahian, Uztarria Kultur Koordinadora azpeitiar batzuk elkartearen ohorezko bazkide egiten hasi zen (lehen bi ekitaldietan Baite Euskara Elkarteak egin zuen hori), eta gaur (larunbata) beste bi izendatu ditu: Gurutz Ansola eta Imanol Lazkano. Sindikatu Zaharrean egin da ekitaldia.

1998an sortu zen Uztarria, eta euskara, komunikazioa eta kultura dira elkartearen ardatzak. Euskararen arloan, 2003 bukaeran Baite Euskara Elkarteak eta biek bat egiten zuten, eta Azpeitian euskara normalizatzeko pausoak ematea eta herrian euskararen aldeko kontzientzia zabaltzea dira elkartearen helburu nagusiak. Jakina, gure zereginetan, gaurkoa bezalako ekitaldiak antolatzea ere sartzen da”.

Esan bezala, aurten Gurutz Ansola eta Imanol Lazkano euskaltzale handiak egin ditu Uztarriak ohorezko bazkide. Ekitaldian, haien senideak, Uztarriako kideak, udal ordezkariak eta hainbat euskaltzale izan dira.

Gurutz Ansola:

Azpeitian jaio zen, 1924an.

Lege eta Ekonomia Zientzietan Lizentziatua da. Ekonomiako gaiez euskaraz idazten aitzindarietakoa izan dela esan daiteke.

Irakaslea izan zen Deustuko Unibertsitatean, Donostian, ESTEn.

UEUko estraineko jardunaldietan parte hartu zuen, 1973an, Donibane Lohizunen (Joxe Miel Barandiaran, Patxi Altuna, Txillardegi, Joxe Ramon Etxeberria, Juan San Martin eta abarrekin...).

Ikastolen mugimenduan parte hartu zuen.

Idazlea ere bada, hauetxek argitaratutako liburuak:

Zeruko Argia, Egan, Jakin... aldizkarietan idatzi izan du. Zinema eta antzerki kritikak ere idatzi izan ditu.

Politikan ibilia da:

  • Gipuzkoako Batzar Nagusietan lehendakari izana: 1987-1991n.
  • Gasteizen legebiltzarkide ere izana: 1980-1987an.

Imanol Lazkano:

Azpeitian jaio zen, 1936an.

Bertsolaria da.

Lehen jendaurreko bertso saioa 14 urterekin egin zuen.

Plazako ibiliari Joxe Agirrerekin batera eman zion hasiera, berak 18 eta Joxek 25 urte zituela, norgehiagoka bat tarteko.

Geroztik 40 bat urte inguruan puntako bertsolaria izan da Euskal Herri osoko plaza eta aretoetan.

Ofizio horretako mozkor bat dela esan ohi du Imanolek berak, “bertsoarekin oso gazterik mozkortu” baitzen, eta oraindik hala jarraitzen du.

Belaunaldi desberdinen arteko zubi-lanean oso garrantzitsua izan da eta izaten jarraitzen du.

Eskolarteko Txapelketa hasi zenetik da bertako epaile.

Bide horretan 25 urte eginak ditu.

Baina, batez ere, bertsolari gazte guztien ibilbidea inork baino hobeto ezagutzeko aukera izan du horrela, baita haiekin harremanak estutzeko ere.

.1987an Euskal Herriko Bertsolari Elkarte bezala sortu zena urte batzuk geroago Euskal Herriko Bertsozale Elkarte bihurtu zen. Imanol sorreratik 2005. urtera bitartean bertako lehendakari izan da.

Urola bailaran sortu zen Erniarraitz Bertsozale Elkartearen sortzaile eta eragile sutsuenetakoa izan da sorreratik gaur arte.

.2004an Aho bizarrik gabe liburu autobiografikoa idatzi zuen, Andoni Egañaren eta Joxerra Gartziaren laguntzarekin.

Enpresaria da. Antzibar enpresako kide. Ofizialki erdi jubilatua dago, nahiz enpresarekin lotura mantendu.

Lagunen esanak

Pako Garmendiak eta Joxe Luix Gorrotxategik ohorezko bazkideez beste zertzelada batzuk eman dituzte. Garmendia, besteak beste, Deustuko Unibertsitateko irakaslea da, eta aspalditik ezagutzen du Ansola. Gorrotxategi, berriz, bertsolaria da, eta makina bat aldiz abestu izan du Lazkanorekin.

Garmendia: “Nik ezagutu dudan Gurutz, kontuan hartuta, nire semearentzako eta ondorengo belaunaldientzako eredu dela esango nuke. Gurutz euskaltzalea da eta euskalgintza euskaraz bizitzeko euskaltzale izan behar dugu. Euskalgintzan, lanik egin gabe eta adorerik jarri gabe, ezer gutxi atera daiteke. Euskalgintzak burua, bihotza eta ekintza behar ditu, adorearekin. Horietakoa da Gurutz: azpeitiarra, euskaltzalea, buruz, bihotzez eta ekintzez eta, noski, adorea erakutsi duena“.

Gorrotxategi: “Imanol mutikoa nintzenetik ezagutzen dut, eta nik ezagutu dudan Imanol bi zatitan erdibituko nuke: bata, Imanol bertsolaria eta bestea, Imanol hitzekoa. Ikusi besterik ez dago bere ibilbidea, oso ona izan da. Bertsotan sekula ez da konformatu egindako saioarekin; atzo baino gaur saio hobea eta etzi bihar baino hobea egitera joan da beti. Denera sari pilo bat jaso du, lo egon ez den gizon bat da Imanol, gaztetatik hasi eta gaur arte. Hitzeko gizona da. Bi hitz ditu: bai eta ez. Bai esaten duenean benetako konpromisoa hartzen duen gizona da. Ikusi besterik ez dago Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen ibilbidea, zerotik hasi eta noraino heldu den. Auskalo zenbat bilera egin dituen Bertsozale Elkarteak, eta zenbatetan hutsegin ote du Imanolek; bakarren batean-edo egingo zuen, arrazoi handiren bat tarteko. Erniarraitz Bertsozale Elkartea sortu zenetik hango kide da, hor ez du kargurik. Ni ez naiz inor bertsolari bezala ranking-ean non dagoen esateko, baina hitzeko izatean zenbagarren dagoen badakit“.

Biek eman dizkiete Uztarriaren ohorezko bazkideen oroigarriak Ansolari eta Lazkanori, hurrenez hurren.

Bi omenduek ere hartu dute hitza.

Ansola: “Uztarriak ohorezko bazkide egitea niretzako sari pozgarria da. Une honetan nire azpeitiartasuna berretsiko balitz bezala da. Azpeitiarrok erantzukizun berezia dugu euskarari atxikimendua eta leialtasuna eman behar horretan. Gure hizkuntzarekiko atxikimendu eta leialtasun zintzoa, praktikoa eta eraginkorra eduki behar dugu eguneroko bizitzan, lanean eta jolasean, gizarteko maila guztietan eta politika bizitzan —batik bat, erakunde publikoetan—“.

Lazkano: “Bigarren aldiz uztartu naute gaur; lehenengoz orain dela 40 urte eta gaur bigarrengoz. Eskerrik asko. Jose Luis Gorrotxategi pasatu egin da niregatik esandakoetan. Gurutz ezagutzen nuen aurretik eta herriz herri ibili garenean eta haren izena entzun izan dugunean, harro aitortu dugu gure herrikoa dela“.

Aurreko ohorezko bazkideak

Azpeitiko euskalgintzak 2001ean ekin zion ohorezko bazkideak izendatzeari.

Honatx orain artekoak:

Hain zuzen, orain dela gutxi hil da "Iñaki Goenaga":http://www.uztarria.com/herri_aldizkaria/2004/54/05; maiatzaren 27an. “Duela urtebete (ekainaren 19an) hementxe zegoen Iñaki bera, Uztarriaren ohorezko bazkide izendatu genuenean”, esan du Uztarriak. “99 urte zituen orduan (aurten, urtarrilaren 11n bete zituen 100), eta hizlari aparta zela erakutsi zigun berriz ere. Esan bezala, duela bi aste hil zen, eta gaurko ekitaldia ere aprobetxatu nahi dugu euskaltzale handia izan zela gogoratzeko”.