Andoni Aranaga: "Tropela.net bezalako ekimenak behar ditu txirrindularitzak"

Urola Kostako Hitza 2005ko eka. 30a, 11:06

Tropela.net teknologia berriak eta txirrindularitza uztartzeko eta sustatzeko antolatu dute (www.urola-kostakohitza.info)

Andoni Aranaga txirrindulariak Tropela elkarteak sortu duen Tropela.net ekimena bultzatu du. Frantziako Tourraren inguruko porra hau euskara, teknologia berriak eta txirrindularitza uztartzeko eta sustatzeko antolatu dute. Parte hartzea doakoa da eta horretarako epea aste honetan bukatzen da. Parte hartzaileen artean hainbat sari zozkatuko dituzte, tartean Aranaga beraren elastikoa.

Zer iruditu zaizu Tropela.net ekimena?

Gustukoa izan dut, eta uste dut txirrindularitzak gisa horretako ekimenak behar dituela bultzatzeko. Azken urteetan doping kontuak besterik ez dira entzun, eta txirrindularitza hori baino gehiago da. Gainera txirrindulari guztiok ez gara berdinak. Hala ere, Euskal Herrian, afizioak sekula ez digu bizkarrik eman.

Frantziako Tourraren inguruko webgunea da. Nola ikusten duzu aurtengo lehia?

Ondo joango delakoan nago, eta sorpresa handirik ez bada Amstrongek lortuko du.

Eta podiumean zein gehiago egongo dira?

Amstrongez gain, Vinokourov eta Mayo egotea gustatuko litzaidake.

Aurten ere ezin izan duzu Tourrean parte hartu...

Egia. Iazko taldeak eta aurtengoak ez du aukerarik parte hartzeko. Txirrindulariek lasterketa desberdina dela diote. Ilusioa egingo lidake. Horrez gain, sekulako giroa egoten da, eta euskaldun asko joaten da etapak ikustera eta txirrindulariak animatzera, eta horrek ere bultzada ematen du.