Luis Ansoalde, Realeko zuzendaritzako kide izango da

Uztarria 2005ko uzt. 1a, 01:06

Azpeitiarra, Denonerrealeko hautagaia zen

Alde handiz irabazi ditu hauteskundeak Fuentesen taldeak

Realeko administrazio kontseiluan azpeitiar bat izango da hemendik aurrera: Luis Ansoalde Odriozola. Izan ere, Denonerreala plataformako hautagaia zen eta talde horrek irabazi ditu gaur Realeko hauteskundeak (gaueko hamar eta erdiak pasatxo jakin da emaitza).

Oso erraz irabazi ditu, gainera, hauteskundeak Denonerrealak. Horren adierazgarri, datu batzuk ematearren: administrazio kontseiluko hamahiru kideak Denonerrealakoak izango dira eta Miguel Fuentes buruak 10.905 botoko aldea kendu dio Miguel Santos beste hautagaiari. Denera 31.297 boto lortu ditu Fuentesek. Ansoalde izan da gaur hamargarren bozkatuena: 30.995 boto.

Ondorioz, Fuentes bera izango da Realeko presidente berria, eta Jose Luis Astiazaranen lekua hartuko du. Ansoalde izango da Fuentesen zuzendaritzako kideetako bat. 59 urte ditu azpeitiarrak eta enpresaburua da. Gustura zegoen Ansoalde atzo gauean, eta datu bati eman zion garrantzia: "31.000 boto lortu ditu gure hautagai bakoitzak eta hori, asko da", zioen.

Parte-hartze handia izan da gaurko batzarrean: 51.000 boto pasa, akzioen %78.