Jokin Uranga: "Ez dakit neure burua finalerdietan ikusten dudan, baina nahi dut ikusi"

Uztarria 2005ko urr. 18a, 19:10
Jokin Uranga azpeitiar bertsolaria.

Larunbatean Uztaritzen jokatuko da Bertsolari Txapelketa Nagusiko laugarren kanporaketa. Han izango da Jokin Uranga

Harekin batera, Fredi Paia, Amets Arzallus, Iñigo Manzisidor Mantxi, Onintza Enbeita eta Julen Zelaieta

Gauetan esnatu eta "zertan ari naiz, ez naiz txapelketa prestatzen ari" esaten omen dio bere buruari. Baina Jokin Urangak badaki urduritasun hori normala dela: "Urduritasuna normala eta ona ere bada, tentsioan egoteko". Urduritasunak urduritasun, datorren larunbatean, urriaren 22an, Uztaritzeko (Lapurdi) Kiroleta pilotalekuan 17:00etan jokatuko den Bertsolari Txapelketa Nagusiko laugarren kanporaketan kantatuko du Urangak, Fredi Paia, Amets Arzallus, Iñigo Manzisidor Mantxi, Onintza Enbeita eta Julen Zelaietarekin batera.

Zer moduz ikusten duzu zeure burua?

Niretzako garrantzitsuena, txapelketan burua hor edukitzea da. Paperaren aurrean zerbait egiten jardutea baino gehiago, burua hor edukitzea. Txapelketa datorrela jakitea eta arratsalde batean bi ordu eta erdian dena eman behar dudala jakitea, 16 bertso horietan. Horretarako motibazioa non edo nondik atera behar da.

Nola prestatu zara?

Motibatuta banago, gero prestaketetan ez dakit. Joan deneko hiru asteetan bildu gara Amets, Gurrutxaga eta ni, eta bertsotan egiten dugu. Gero, gehiegi ere ez dut nahi bertsotan aritu, lana ere umeei bertso eskolak ematen egiten dudalako. Eta ez dut nahi txapelketara bertsoarekin saturatuta iritsi. Astean, han ez bada hemen saio bat egiten ari naiz, eta horrek ere sasoiari eusten laguntzen dio. Eta gero, azkenengo aste honetan errimak-eta errepasatuko ditut.

Zein da zure helburua Txapelketa Nagusian?

Finalerdietara pasatzea. Baina behin txapelketara zoazen momentutik, helburu bat jarri beharra dagoelako. Hona iristeko dezente kostatzen da; Gipuzkoako Txapelketan 70 hasi ginen, eta aurrera 14 pasatu ginen. Behin hona ailegatzea lortuta, neure burua txapelketarako motibatu nahi nuen, zerbaitera aspiratzeko. Eta beti esaten dena: saio on bat egitea, eta jendearekin konektatzea.

Orain arte jokatu diren kanporaketetan zer moduzko maila ikusi duzu?

Maila gaur egun kristorena dago. Gero egia da Lekunberriko kanporaketako maila espero baino txikiagoa izan zela. Txapelketetan entzun izan dira sekulako saioak eta espero ez duzunean, berriz, egundoko bajoia. Eta Lekunberrikoa kasu hori izan zen. Silveirak poto egitea eta bigarren ateratzea, nire laguna izanda, pena da. Bestalde, guretzat ona da haiek listoia horrela jartzea eta guk listoi hori gainditzeko zenbat eta errazago edukitzea. Gero ez dakit guk zer emango dugun...

Zurekin kantatuko dutenen artean, nolako maila ikusten duzu?

Amets hor egongo da. Eta gero nik pentsatzen dut beste denok bigarren egitea, ba edozeinek daukagula; eta hor egongo da borroka hori. Fredirekin askotan jardundakoa naiz, azkenengo bi urteetan gehienbat, eta badakit nik Frediri aurrea hartzerik badudala, berak niri bezala. 'Mantxi'-rekin txapelketetan egon naiz. Julen Zelaieta eta Onintza Enbeitarekin, berriz, oso gutxitan kantatu dut.

Txapelketako parte-hartzaileen artean azpeitiar bakarra zara. Ardura handia al da?

Oraindik antzematen da Azpeitia herri bertsozalea dela, eta horren lekuko da herrian autobus bat antolatu dutela larunbatean Uztaritzera joateko, eta jada 30 lagunek eman dute izena hamar egun lehenagotik. Nire mesederako askotan azpeitiarrak nahiko zaratatsuak izaten gara, eta han oholtza gainean gaudenean asko estimatzen da lagunen babesa. Zerbait garrantzitsua daukadanean beti etortzen dira lagunak. Erantzukizuna ere hor dago.

Finalera bai?

Bai, BECen izango naiz, baina oholtza gainean ez. Ez dakit nere burua finalerdietan ikusten dudan, baina nahi dut ikusi. Finalerdietan BECera joan behar duen jende horrekin kantatu nahiko nuke. Lanak ahal den egokien eginez, erakutsi nahiko nuke Euskal Herrian bertsolaria ez dela BECeran iristen dena bakarrik, baizik eta BECen zortzik bakarrik kantatuko dutela, eta Euskal Herrian gaur egun oso abaniko zabala dagoela bertsolarietan.

Zure faboritoa Txapelketa Nagusian?

Andoni Egaña hor egongo da, eta Maialen Lujanbiok ken liezaioke txapela, baina nik pentsatzen dut oraindik ere Andoniri kentzea oso zaila dela.