Jose Luis Gorrotxategi: "Abilidade berarekin gauzak hobeto esateko modua dago gaur bertsotan"

Berria 2005ko abe. 27a, 13:12

Bizitzako pasarteak, bat-bateko bertsoak eta bertso jarriak batuta, bere bizitza eta ibilbidea laburbildu ditu Jose Luis Gorrotxategik Gogoan dauzkadanak liburuan

Berria -k elkarrizketa egin dio Gorrotxategiri

Haiek bezain ezaguna izatera iritsi gabe, Basarri, Uztapide, Xalbador, Mattin, Lopategi, Lazkao Txiki, Lazkano, Joxe nahiz Xebaxtian Lizaso, Agirre, Amuriza, Peñagarikano, Egaña, Euzkitze, Sarasua eta abarrekin aritua da Jose Luis Gorrotxategi, bertsolari seguru eta dotorea beti, Landetako Bertsolari Unibertsitateko osintxuarra (Bergarako Osintxu auzoan 1945ean sortu eta Azpeitira ezkondua). Lanetik erretiroa hartu duela baliatuta, liburua osatu du orain, bere bizitzako pasarteak kontatuz eta bertsoak bilduz, bat-batean kantatuak batzuk, idatziak besteak. Gogoan dauzkadanak izenburua jarri dio liburuari, eta Bertsolari Liburuak argitaletxearen bitartez atera du plazara.

Nola bertsozaletu zinen? Bertso girorik ba al zen Osintxun zure gazte garaian?

Inguruan ez nuen inor, eta uste dut berez bertsozaletu nintzela. Dozena erdi bat urte nituenerako Osintxuko festetan aritzen ziren Basarri eta Uztapide, eta ni aitarekin bertsoak entzutera joaten nintzen. Horretaz gain, bazen aitona alargun bat, Egileor bertsolariaren osaba, buruz milaka bertso zekizkiena eta inoiz tabernetan kantatzen zituena; ni adi-adi egoten nintzen entzuten. Baina gainerakoan ez zen bertso girorik Osintxun. Jaietan Bergarara joaten ginen, dantza izaten zelako han, baina oraingo aldean erdara asko egiten zen orduan Bergaran, hamarretik bederatzi.

Ikusi zenuen lehen alditik izan zenuen oso gustuko Azpeitia. Zergatik?

Loiolako Herri Irratiko txapelketen bukaeran jaialdia egiten zen. Horietako jaialdi batera anaia eta biok etorri ginen, bizikletan, beste lagun batzuekin batera. 15 edo 16 bat urte izango nituen orduan. Oso leku ederra iruditu zitzaidan, dotorea, Loiola ingurua eta abar, eta harrituta ikusi nuen jende guztiak euskaraz egiten zuela. "Hementxe biziko nindukek gustura" pasatu zitzaidan burutik, eta gero, urteetara, horixe egin nuen, Azpeitira etorri bizitzera.

Bergaran txapel bat irabazi zenuen 1964an, artean 20 urte bete gabe. Horrek eman zizun bertsolari sentitzeko eta agertzeko bidea?

Bergarako jaien barruan antolatu zuten txapelketa hura, 30 urtetik beherako eta artean plazaratu gabeko bertsolarientzat. 13 edo 14 bildu ginen. Inori ezer esan gabe joan nintzen izena ematera, eta, nahiz eta pilotalekua betea izan, entzuleen artean osintxuar bakarra zegoen.

Ez zenuen ezer galtzeko, beraz.

Ez, ez, hala da, ez nuen ezer galtzeko egun hartan.

Hiru urte geroago Txapelketa Nagusiko finalean zinen, Xalbadorri txistuak jo zizkioten egun historikoan...

Xalbador ez nuen ezagutzen, eta Mattin ere ez. Goizetik kantatuta hiru pasatzen ziren, eta Xalbador, Lopategi eta ni pasatu ginen. Gero Lazkao Txiki sartu zen, aurreko txapelketan bigarren geldituta zegoelako. Gu lauron artetik Xalbador pasatu zen aurrera, Uztapiderekin jokatzeko.

Orduantxe entzun zituen txistuak...

Bai. Une gogorra izan zen. Lazkao Txikik jaiki eta eskuekin isiltzeko keinuak egin zizkion jendeari, baita Uztapidek ere, baina jendea ez zen isiltzen. Halako batean, jendea txistua jotzen nekatu zenean, Xalbadorrek bertsoa kantatu zuen eta bertsoa bukatzeko astirik gabe hasi zen jendea txaloka.

Bosgarrena izan zinen final gogoangarri hartan, Uztapide, Xalbador, Lopategi eta Lazkao Txikiren atzetik.

Niretzat poz handia izan zen hura, sekulako ilusioa. Orduan argi ikusi nuen hura zela nire bidea. Baina pena handia ere izan nuen, plaza batzuk egiteko aukera izan arren Cadizera (Espainia) itzuli behar izan nuelako, soldaduska jarraitzera.

Plaza ugari egin duzu harrezkeroztik, eta baita txapelketa askotan parte hartu ere.

Loiolako Herri Irratiko txapelketetan parte hartu nuen, eta Txapelketa Nagusian ere bai: finalean izan nintzen 1980an, eta 1982 eta 1986an finalerdietara iritsi nintzen.

Xabier Amurizak 1980an irabazi zuen lehen txapela. Baina bertsolaritzara ekarri zituen berrikuntzek nekez eskuratu zuten bertsozaleen onarpena.

Hori beti gertatzen den kontua da. Nik Zepai, Txapel eta antzeko beste bertsolari batzuk ezagutu nituen, bertsotan ikusi ere bai. Haiek bertsoak egiteko zuten modua eta Basarrirena zuria eta beltza bezalakoak ziren, oso bestelakoak. Nik ez dut dudarik egiten Basarrik lehen txapela irabazi zuenean aldeko adina aurkako izango zuela, zeharo bertsokera diferentea egiten zuen-eta. Trikitixaren munduan ere gertatu da hori. Eta doinuekin ere gertatzen da gaur egun. Lehen aldiz entzun, eta "hori duk txerrikeria!" esaten dugu, baina belarria egin artekoa izaten da hori.

Bitxia da zurea: osintxuar bat Landetako Unibertsitatean. Zer moduz hartu zaituzte azpeitiar bertsolagunek?

Hona etortzerako ezagutzen nituen, eta herriko bertsozale asko ere bai, eta ez dut inoiz arazorik izan. Askotan aritu naiz berekin bertsotan, Imanol Lazkanorekin batez ere.

Basarriri diozun miresmena agerian utzi duzu liburuan.

Ez dut duda egiten Xenpelar, Txirrita eta abar bertsolari onak zirenik. Baina niri Pedro Mari Otaño eta Basarri gustatzen zaizkit bereziki. Bien bertsokerak oso gustukoak ditut. Lasarte eta beste batzuen aldean, errima zabalagoak erabiltzen ditu Basarrik, eta errima zabalagoak erabiltzean gehiago esaten da. Beharbada horregatik dut horren gustukoa Basarri. Horregatik eta esateko moduagatik.

Bertsolari moduan, nola definituko zenuke zeure burua? Zer eratako lanak izan dituzu gustukoen?

Ni ez naiz bertsolari azkar horietakoa, besteak bukatu orduko hasten direnetakoa. Denbora gehiago behar dut pentsatzeko. Nire bizitzan plazak ez ditut ikaragarri egin, beste batzuekin alderatuz gero behintzat, eta errodaje falta horrek denbora gehiago behar izatea dakar. Gaiei dagokienez, uste dut gai sakonekin gehiago ematen dudala arinekin baino.

Politizazioarekin ez zarela eroso sentitu dio sarrerako testuak.

Askotan gertatzen zitzaigun bertsotara joan eta geure aurrean hiru guardia zibil izatea. Festa denetara joaten ziren, lanroberrean, baita auzorik ezkutuenetakoetara ere. Giro gogorra izaten zen hura bertsotan aritzeko.

Azpillaga eta Lopategi ausartu ziren orduan gai politikoak jorratzera, eta debekatuta egon ziren.

Liburuan ez dut aipatu, ez dakidalako oso ondo kontua nola izan zen, baina Lasturrera (Deba, Gipuzkoa) Manuel Lasarterekin kantatzera joatekoa nintzen batean, lasturtarrek esan zidaten ez neukala kantatzerik, Gobernu Zibilak debekatu zietela ni bertsotara eramatea, horretarako zer motibo zegoen esan gabe. Harrituta geratu nintzen. Baina handik hamabost bat egunera Imanol Lazkanorekin Belauntzara (Gipuzkoa) joan behar nuen, eta Belauntzako antolatzaileetako batek esan zidan arazorik gabe eman zietela baimena gu biok eramateko.

Lanetik erretiratu zara, baina bertsolaritza ez duzu utzi.

Tarteka-tarteka aritzen naiz, jaietako saioetan, jubilatuen bazkarietan, bertso afariren bat noizean behin... Baina jaialdietan gutxi: gazteek antolatzen dituzte jaialdiak, eta gazteei deitzen diete. Behin soldaduskatik etorri nintzenetik harik eta 45 edo 55 urte egin arte, urtean 50 edo 60 plaza inguru eginez ibili nintzen. Gaur, berriz, 15 edo 20 inguru egiten baditut, ondo.

Bertsolaritza horren indartsu ikusita, ez al du pena pixka bat ematen horrek?

Beste zeregin batzuetan gertatzen dena gertatzen da bertsolaritzan ere. Lesioa izanez gero, 22 urteko futbol jokalari batek ahalegin guztiak egingo ditu berriro jokatzeko moduan jartzeko. Baina 30 edo 32 urteko jokalari batentzat ez dago halako alde handirik jokatu gabe bi hilabete edo hiru pasatzearen artean. Beti duzu ilusioa eta gauzak ondo egiteko gogoa, baina ez zaude garai batean bezain itsutua horrekin.

Liburuan diozunez, "bertsolari gazteek gehiago esaten dute". Lehengoak, aldiz, dotoreagoak omen ziren kantuan.

Bertsotan ondo egingo bada, asko kantatu behar da. Txirritak urtebetean 20 plaza egin omen zituen, eta orduan uste zen hori gainditu ezinezko marka zela, ikaragarria. Gaur egun, berriz, abuztuan 30 plaza egiten dituzte zenbait bertsolarik. Errodajearen aldetik, sekulako aldea dago. Bertsoa hobeto egiteko modua dago. Ez dakit etorri aldetik hobetu den, baina abilidade berarekin gauzak hobeto esateko modua dagoela iruditzen zait. Kantaerari dagokionez, berriz, asko galdu dela uste dut. Kantari dotoreak lehengo bertsolariak ziren, oso abeslari onak.

Nola sentitu zinen Barakaldon, Txapelketa Nagusiko finaleko saioan?

Ondoan nituen lagunei komentatu nien: finalean 13.000 entzule zeuden, baina bertsoa ulertzen dutenak, nire ustez, 150 bat baino ez ziren izango. Agurreko bertsoetan, bertsolaria zein zen, sekulako diferentzia zegoen txaloetan; bertsolariak poto eginez gero 150 bat lagun konturatzen ziren, gainerakoak ez; batek bertso bete-betea bota, lege guztien barruan, euskararekin sekulako gauza ederrak eginez, eta harentzako txalo epelak... Zaletasun handia dago, giroa, baina bertsoa benetan ulertzen dutenak gutxi dira. Ikaragarri harrituta geratu izan naiz horrekin beti, bai jaialdi askotan eta bai Barakaldoko finalean. Horren errua, neurri handi batean, euskararen erabileran gertatzen ari den degenerazioak du, nire ustez. Ez bakarrik kalean, baita irratian, telebistan eta abarretan ere, akats handiak egiten dira. Batek sekulako akatsak egin, besteak gauzak sekulako dotoreziaz esan, eta berdin-berdin hartzen dira bata zein bestea, inor ez da harritzen.

Nola sortu zen liburua idazteko asmoa, eta nola gauzatu da gero?

Nik milaka bertso idatzi ditut enkarguz, baina horretatik aparte ez dut inoiz idazteko joerarik izan, liburuaren okasio hau sortu den arte. Duela urte batzuk hasi zitzaidan lagun bat, honelako zerbait egin behar nuela esaten. Baina nik esaten nion jubilatutakoan egingo nuela hori, ez lehenago. Joxin Iturriotzek ere gauza bera esan zidan, eta sekulako paper pila ekarri zidan, nire bertso jarriena. Bera hasi zen liburua egiten, baina berak ere lan handia zeukan. Nik ez nekien ziur noiz erretiratuko nintzen, eta 60 urte betetakoan erretiratuko nintzela esan zidaten egun berean esan nion ekartzeko dena eta neuk egingo nuela liburua. Iturriotzi emanak nizkion lan asko zakarrontzira bota eta berri-berriak egin nituen. Martxo inguruan erretiratuta ordurako bertso asko idatzi ditut, neuk neure buruari gaia jarrita. Joxin Iturriotzek hasi zuenean bukatu izan balitz, oso bestelakoa izango zen liburua, gustuko ez ditudan bertso asko ahal zen moduan sartuta. Horretaz gain, bat-bateko bertsoak ere badaude, jakina; eta nik idatzitako testuak, Laxaro Azkune koinatuak eta alaba Mirenek zuzenduak.

---

Imitatzailea, gaizki-ulertu baten bidez irekitako bidea

Gaizki-ulertu baten ondorioz aritu zen lehen aldiz bertsolarien imitazioak egiten Gorrotxategi, Aretxabaletako Larrino auzoan. Antolatzaileek uste zuten Gorrotxategik emango ziola abisua Lazkao Txikiri, eta Gorrotxategi, berriz, antolatzaileak arduratuko zirelakoan zegoen. Bakarrik agertu zen, ondorioz, eta jendea animatzeko beste bertsolari batzuen bertsoak kantatu zituen Otaño, Txirrita, Basarri, Lazkao Txiki, Mitxelena... kantatzeko moldean haien imitazioa eginez. Aurretik etxean bere kasa aritua zen horretan, baina ez jendaurrean. Imitazioak egiteko dei ugari izan du geroztik, horren harrera ona izan zuen Larrinoko saioak.

Telebistan modan daude imitazioak, baina Gorrotxategik ez du uste deituko baliote joango litzatekeenik: "Horretarako norberak egon behar du umorean, giro horretan sartuta. Ez da ordu bat ailegatu eta orain eginezak esatea".