Esklabetako lurjabeek "berriro erantzunik ez" dutela jaso diote

Urola kostako Hitza 2005ko abe. 29a, 12:12

Leku Ederren proposamenaz alkateak "baloraziorik ez duela egin" diote Esklabetako lur eremuko lurjabeek ( Urola Kostako Hitza)

Berriro ere agerraldia egin dute Leku Eder promotorako eta Ikasberri Azpeitiko Ikastolako ordezkariek, Esklabetako lurjabeen izenean, "Azpeitiko alkatearengandik haiek Esklabetako lur eremua (19.a) urbanizatzeko egindako proposamenaren inguruan berriro erantzunik ez dutelako jaso".

"Alkateak egindako agerraldian , berriro ere, ez du baloratzen guk egindako proposamena. EA -k baloratu du, eta gainera estimatu egin du ona eta hobetzekoa dela esanez", azaldu zuten atzo Esklabetako lur eremuko lurjabeek. "Nola adierazi Azpeitiko herriari talde politiko batek ona eta hobetzekoa kontsideratzen duena, alkatetzak ez duela baloratzen eta kasurik onenean honako balorazio makurrak egiten dituela: espekulatzailea dela eta fantasmak ikusten ditugula eta proposamena egin dugunok gainera 'gezurtiak garela'".

Lurjabeen iritziz Leku Eder promotorak Esklabetarako egindako proposamenaren baitako hainbat kontu ez ditu argitu alkateak: "Esklabetako eraikina jasoko du herriak edo Udalak 13.000 metro karratuko lur eraikiarekin; Udalak lurren %19aren ekarpena egingo luke eta aprobetxamenduan %70 inguruko parte hartzea jasoko luke; 35.000 metro karratuko parke urbanoa jasoko luke eta emandako aprobetxamenduan ehun etxebizitza libre egiteko eremua legoke, gaur egungo merkatuan 2.000 milioi pezetatik gorako balioa izango lukeena".

Lurjabeen ustez, aurrez aipatutako kontu horiei erantzun beharrean beste zenbait baieztapen egin ditu alkateak: "Diputazioak diola proposatutako lur eremua hiritargarria dela, urbanistikoki Izarrako aldea kudeatzea errazagoa dela eta etxebizitza sozialen beharra dagoela. Alkateak esaten ez duena da, galdera modu honetan eginda jaso ote duen ezezkoa: Diputaziora joan naiz, proposamena egin diet, Azpeitiko herriarentzat dituen abantailak azaldu dizkiet eta honako ezezkoa erantzun didate, Jakina, berak badaki galdera egin duela berak ondoren egin nahi duena justifikatzeko moduan".

Lurjabeen iritziz borondate politikoa falta da, "denok dakigu borondate politikoa dagoenean arazoak konpondu egiten direla eta, alderantziz, eragozpen handiena borondate falta izaten dela".

Esklabetako lurjabeen ustez, Izarra aldekoa bezalaxe Esklabetakoa ere martxan jartzeko aukera legoke. "Izarra aldeko proposamenak gestioa errazten duela ez dugu justifikagarria dela uste, Esklabetako eremuarentzat ere arauen behin-behineko aldaketa tramitazio teknikoa izango litzatekeelako eta denboran ere ez legoke alderik. EAk aipatzen zituen bi hilabete horiek ere ez lituzke beharko".

Leku Ederrekoen esanetan Lurraldeko Zatikako Planak bai Izarra eta bai Esklabak, "etxebizitzarako dentsitate altuko lur eremu bezala izendatuta ditu. Bi lur eremuak hala izendatzen ditu eta bakarrak dira herrian".

Arauzko ekipamenduak

Bi eremuak juridikoki berdinak direla ere azaldu zuten atzo. Hala nola, biek planeamenduko arautegirean eranskinean ageri den 10. artikulua bete behar dutela. "Beraz, artikulu horren eranskinean esaten diren ekipamendu eskolarra, kirol ekipamendua, ekipamendu soziala eta espazio librea non daude Izarra aldeko eremuan? Guk Esklabatarako egindako proposamenean ekipamendu horiek guztiak kontuan hartuta daude. Alkatea horretaz jabetzen da, baina denen gainetik berea aurrera ateratzekotan dabil. Izarra alderako alkatea zenbait lurjabeekin konprometitu da 200 milioiko ekarpena egitera etxaurreak hobetzeko eta hiru zubi egiteko, herriaren kontura".

Mahai batean eseri eta proposamenaz hitz egiteko prest azaldu dira lurjabeak. "Ados gaude gaia guztiok eseri eta elkarrizketa bidez konpondu behar dugula, komunikabideen bitartez egin beharrean. Horregatik, zentzuz jokatu eta negoziatzera dei egiten dugu eztabaidatzeko", adierazi zuten atzoko Esklabetako lurjabeek atzoko agerraldian.