Alex Berasategi: "Hartzubia dut zezenean ibiltzeko lekurik gustukoena"

Urola Kostako Hitza 2006ko urt. 19a, 15:01

Alex Berasategi sokamutil berria da, sansebastianetan bi egunetan (San Sebastian egunean eta igandean) ibiliko da sokan (Urola Kostako Hitza)

Sokamuturra aurtengo sansebastianetan bi egunetan izango da. Bihar (hilak 20), eguerdian (12:00etan) eta arratsaldean (16:30etik aurrera) eta igandean arratsaldean (16:30etik aurrera). Sokamutil ibiltzen direnen artetik bi lagunek utzi egin dute: Andoni eta Aitor Unanuek. Baina sokamutilen taldera beste lagun bat gehituko da sansebastianetan. 19 urteko Alex Berasategi da. Zezenean ibiltzeko zaletasuna du, eta aurten sansebastianetan sokamutil ariko da; "oso gustura" dago.

Nolatan sokamutil?

Sokamutilek hots egin zidaten, sokamutil izan nahi nuen galdezka, eta baietz esan nien zuzenean, gustura hartu nuen proposamena. Hasieran ezin nuen sinetsi ere egin, baina gero bai. Sokamutil izateko gogoa neukan, eta iaz galdetu egin nuen horretarako zer egin behar zen. Eta aurten beraiek deitu didate.

Zu bestela sokamuturrean ibiltzen al zara?

Bai, txiki-txikitatik ibili naiz zezenean, oso gustukoa dut. Sokamuturrerako zaletasun handia daukat.

Sokamuturrak egiten duen ibilbidetik zein duzu tokirik gogokoena?

Hartzubia dut zezenean ibiltzeko lekurik gustukoena. Toki zabala da, eta jende asko ibiltzen da bertan.

Eta gutxien gustatzen zaizuna?

Zezenean ibiltzeko ez dago leku txarrik, niri toki guztiak gustatzen zaizkit. Okerrena da, kale batzuetan karreretako sarrerak itxi egiten dituztela eta ni ateak ixtearen aurka nago. Karrerak irekita daudenean jende gehiago ibiltzen da sokamuturrean. Gainera, zerbait puskatzen bada gastuen kargu Udala egiten da.

Sansebastianetan noiz ibiliko zara sokan?

Bihar, goiz eta arratsalde ibiliko naiz, eta igandean arratsaldean. Sokamutil berria izanda bi egunetan ibili beharko dut, baina gustura nago, oso gustura.

Hasi orduko lan gogorra egin behar orduan?

Bai, hala da. Baina sokamutil bezala pixkanaka esperientzia hartzen joateko ondo etorriko zait.

Sokamutil aritzeko aurretik prestatu al zara?

Bai, lasterkan ibiltzen naiz. Orain dela bi urte hasi nintzen korrikan.

Gero soka egiten ikasi beharko. Hasi al zara?

Ez, ez naiz soka egiten ikasten hasi. Sansebastianetako sokamuturrerako sokak prestatuta omen daude eta Inauterierako hasiko gara soka egiten ikasten.

Inoiz sustorik hartu al duzu zezenean?

Bai, orain dela bi urte hartu nuen susto galanta. Hartzubian, sokamutilak sokatik tiraka ari zirela lurrera erori ziren, zezena ondoan neukan eta gainera etorri zitzaidan. Alde batetara jo nuen eta ez nuen minik hartu.

Sokamuturrerako nolako zezena da ona?

Azkarra ez dena, baina pixkat jarraitzen duena eta zezen gogorra, ez dena azkar nekatzen.

Orain sokamutil bezala zerk ematen dizu beldur gehien?

Hasierak, Erdi kalean zezena ateratzeko une horrek. Baina orokorrean urduri nago.