Antzerki Topaketak egiteko "alternatibak" aztertzen ari da Udala

Urola Kostako Hitza 2006ko api. 26a, 11:04

XXIV. Euskal Antzerki Topaketetako kartel lehiaketa maiatzaren 2tik ekainaren 2ra bitartean izango da zabalik

Aurtengoan Lakrikun antzerki taldeak ez du lan berririk estreinatuko Topaketetan (Urola Kostako Hitza)

Aurrena Zelaitxo antzokia zenean egiten ziren Euskal Antzerki Topaketak, gero Soreasun. Orain, baina, Soreasu itxita eta botatzear dagoela, XXIV. Euskal Antzerki Topaketak non eta nola egin aztertzen ari dira Azpeitiko Udaleko Kultura Batzordeko kideak.

"Antzerki Topaketak egin egingo dira aurten, horri buruz zalantzarik ez daukagu. Garbi daukagu bertan behera ez ditugula utzi nahi. Ez dugu nahi etenaldirik egitea", dio Aitor Gorrotxategi Udaleko Kultura batzordeburuak. Dagoeneko udazkenean egingo diren antzerki jardunaldietako kartel lehiaketa abian jarri du Udalak. Hilabeteko epea jarri dute kartelak entregatzeko, maiatzaren 2tik ekainaren 2ra artekoa, hain zuzen ere.

Kartel lehiaketaren oinarriak eta datak zehaztu dituzte, eta orain Topaketak non eta nolakoak izango diren aztertzen ari dira Udaleko Kultura arduradunak, baina gauzak zehaztu eta erabakiak hartu arte ez dute ezer aurreratu nahi. "Alternatiba desberdinak aztertzen eta aurrekontuak eskatzen ari gara. Dagoeneko aukera batzuk baditugu mahai gainean, formatu txikian, kalean... egitea, baina beste alternatiba batzuk ere landu nahi ditugu Topaketak nola egin daitezkeen erabaki aurretik. Aurrekontu batzuk eskatuta ditugu eta horiek jasotzeko zain gaude. Aukeraren bati heldu orduko jakinaraziko dugu", azaldu dio 'Hitza'ri Gorrotxategik. Saninazioetarako zehaztuta izan behar dute.

Antzerki Topaketetan parte hartu nahi duten taldeen eskaintzak urte guztian jasotzen dituzte udaletxean. Aurtengoan Lakrikun antzerki taldeak ez du lan berririk estreinatuko Topaketetan. "Taldean hitz eginda daukagu bi urtean behin lan berri bat egitea eta iaz Topaketetan Zintzilik obra estreinatu genuen, eta orain horrekin ari gara lanean", dio Alaitz Olaizola Lakrikun antzerki taldeko kideak.

Lakrikun Gaztetxean

Datorren hilean Zintzilik antzezlanaren bi emanaldi ditu Lakrikunek: maiatzaren 19an, Azpeitiko Gaztetxean antzeztuko du, 22:30ean. Hurrengo egunean, maiatzaren 20an, Lezon egingo dute. Irailerako ere beste emanaldi bat lotuta dute Lekeition. Greban gaude lanaren hainbat eta hainbat emanaldi egin dituzte, eta aurten ere beste batzuk lotuta dauzkate.

Orain buru-belarri Zintzilik lanarekin ari dira Lakrikuneko antzezleak. Zuzendari aldaketa ere izan du taldeak. Sorreratik Idoia Uranga azkoitiarra izan dute zuzendari, baina hau lanpetuta dabileta-eta orain Urangaren ordez Inaxio Tolosa zumaiarra ari da Lakrikun zuzentzen. Antzezle azpeitiarrek Inaxio Tolosa lehendik ere ezagutzen dute, izan ere Antxieta antzerki taldea zenaren hainbat eta hainbat lan zuzendutakoa da zumaiarra.