Etxebizitza eskubidea aldarrikatu du Segik

Urola Kostako Hitza 2006ko api. 28a, 11:04
Segiko kideek etxebizitza eskubidearen aldeko aldarrikapena egin zuten Karasusa etxearen aurrean, asteazkenean.

Hutsik dagoen Karasusa etxearen aurrean ekimena egin dute gazteek (Urola Kostako Hitza)

Azpeitiko gazteen "arazorik larrienetakoa etxebizitzaren eskuragarritasuna" dela salatu du Azpeitiko Segik, "azken finean, denok kolpatzen gaituen behar bat delako".

Asteazkene arratsaldean, Gazte arnasaz etxebizitza hutsei bizia emango diegu. Etxebizitza eskubidea borrokatuz, independentzia! lelopean, hutsik dagoen Karasusa etxearen aurrean antzezpena egin zuten Azpeitiko Segikoek.

"Etxebizitza luxua izatera pasatu da, eta gazteok ez gaude hori barneratzeko prest, garbi baitugu etxebizitza eskubidea, eskubide unibertsala dela. Bizitza guztirako kartzela zigorra sinarazi nahi digute. Modu horretan, edozein motako lan prekarioak betetzera behartzen gaituzte, eta ezin ditugu aurrera begira egin nahi ditugun proiektuak landu", adierazi dute Segikoek.

Udalaren etxebizitza politikarekin ere kritikoak dira. "Eskubide bat pribatizatu eta espekulazioaren bidez aberasten ari dira, parasito sozial modura. Eta besterik esaten badute ere, ez da gazteon beharren araberako politikarik garatzen".

Gazteei gelditzen zaien alternatiba "bakarra" okupazioa dela uste dute Segiko kideek. "Etxebizitza luxua den bitartean, okupazioa eskubidea dela argi dugu. Beraz, antolatu eta borrokatzea beste irtenbiderik ez dugu, guztion artean alternatiba berriak sortuz eta lapurrei hortzak erakutsiz", diote.

Ertzaintzaren "jarrera errepresiboa" ere salatu dute Segikoek: "Aurreko batean Irunen bi gazte bortizki identifikatu zituen pistola buruan jarrita".