Loiola (eta azkena)

Juankar Arellano 2006ko uzt. 27a, 10:07
Loiolatxo zegoen lekuan egin dituzten aparkalekuak.

Arellanok Loiolan egin dituzten azken lanen inguruan bere iritzia eman du

Uztaileko azken egunetan gaude eta oporrak ditugu atarian, gehiengo batek behintzat. Inguru honetara jende andana etorriko da, zenbait ospakizun tarteko. Loiolari buruz idazten dudan hirugarrengo aldia da, eta azkena, baina honi gazitik gehiago ipiniko diot gozotik baino.

Zenbait obra egin da Loiola inguru horietan, eta ez nago ziur, baina oraindik amaitu gabe daudela iruditzen zait. Basilikaren eskuin aldean komunak eta igogailua berritu dituzte, itxuraz txikiago jarri dituzte, baina agian erabilgarriago. Beraz, barruko lanak txukun utzi dituzte. Kanpoaldean ez dute ezer egin, eta lehen bezalaxe utzi da.

Lehen Loiolatxo zegoen lurzoruan, aparkalekuak egin dituzte, hortik pasatzea besterik ez da ikusteko nolako apainketa egin den. Polita, oso-oso polita. Erabilgarria, ez dut uste. Aparkalekuak horrela diseinatzeak ez du ez buru eta ez zangorik. Autoa horrelako leku txiki baten sartzeak dituen oztopoak erabilgaitza egiten du. Argi poste edo zuhaitz artean, nahiago landarea apurtu eta ez kotxea markatuta atera, eta hori ere bai seguruenik. Ea zenbat denbora irauten duten landare gizarajo horiek.

Tren geltokiaren ondoan ere aparkalekuak murriztu direla dirudi, hori bai hiru aparkalekutatik elbarrientzat bi leku aparkatzeko, baina toki horretan bakarrik dago ( eta gogoratu basilikaren eskuin aldean dagoela elbarrituentzako igogailua). Hori bai, basilika aurreko zuhaitzpean pasealeku gehiago egin dituzte. Agian korrikan ibiltzen diren horiek utzitako arrastoa estali nahirik edo. Baina zubi berritik Uranga pareraino zorua itxurazkoa da umeen kotxeekin edo gurpildun aulkiak mugitzeko, bestean ezta okurritu ere, lurrean dagoen hondarrak ez du uzten pare bat metro egiten eta.

Aurretik aipatu bezala, obrak amaitu gabe daudelakoan nago. Beraz, oraindik garaiz gaude zenbait aldaketa egiteko. Baina oraingoan iritzi pare bat emango ditut: Elbarrituen aparkalekuak gune ezberdinetan ipintzea. Pasealekuak erabilgarriak egitea, orain dagoen hondar horren ordez beste zerbait ipintzea. Loiolatxoko aparkalekua funtzionala izatea. Eta azkenik, Sistiaga Errekaren bukaera landan integratzea, hau da inguruarekin bat egin eta beste ukitu bat ematea lekuari.

Agian gauza gehiegi idatziko nituen, baina azkena izango denez beharrezkoa iruditu zait.