Lan Mobel Iraurgi taldea oraindik jokalari bila ari da

Urola Kostako Hitza 2006ko ira. 5a, 16:09

"Taldearen barrualdea osatu beharra dugu, baina bestela nahikoa talde polita daukagu", diote Iraurgikoek

Bruesak-GBCk Valladoliden aurka partida jokatuko du Azpeitiko kiroldegian, datorren astean; Bruesako bazkide egiteko aukera dago Iraurgi Saskibaloi Elkartean (Urola Kostako Hitza)

EBA Ligako Lan Mobel Iraurgi saskibaloi taldea oraindik ere osatu gabe daukate. "Hutsuneak daude eta horiek bete behar ditugu", dio Jose Luis Zubizarreta Xubi Iraurgi Saskibaloi Elkarteko kideak. "Barrualdea osatu beharra daukagu, bestela, nik uste dut, talde polita daukagula".

Dagoeneko hiru jokalari fitxatu ditu Iraurgik: EƱaut Aranbarri, Alex Arzelus eta Asier Tejerino. Bajak, berriz, lau izan ditu: Jon Arozenak jokatzeari utzi dio, Iker Lizarriturri Arrasatera joan da, Goar Artetxe Tolosara eta Asier De La Iglesia Cartagenara. "Asier Tejerino barrualdeko jokalaria da, baina kanpotik jokatzea gehiago gustatzen zaio".

Abuztuaren 10ean hasi ziren Lan Mobel Iraurgikoak denboraldi berrirako prestatzen. "Ia hilabetez ari dira entrenatzen, eta lagunarteko bi partida ere jokatu dituzte, Pielagosen eta Universidad Zaragozaren aurka. Bi norgehiagokak irabazi egin dituzte".

Larunbatean, irailaren 9an, Euskal Liga hasiko da. Eta larunbatean bertan, Lan Mobel Iraurgik Santurtziren aurka jokatuko du Azpeitiko kiroldegian; arratsaldean izango da partida, baina oraindik ordua zehazteke daukate.

Infantilentzako deialdia

Infantil mailan saskibaloian jokatu nahi duten neska-mutilentzako deialdia egin du Iraurgi Saskibaloi Elkarteak. 1993an eta 1994an jaiotakoek kiroldegira azaldu beharko dute larunbatean, 10:30ean.

Bruesako bazkidetza

Bruesa-GBC ACBko saskibaloi taldeko bazkidetza egiteko aukera dago Iraurgi Saskibaloi Elkartean. "Bruesaren partida gehienak igande arratsaldetan izango dira, eta guk 90 eserleku hartu ditugu. Dagoeneko 65 lagunek izena eman dute", dio Jose Luis Zubizarreta Xubi Iraurgi Saskibaloi Elkarteko kideak.

Bruesako bazkide egin nahi dutenek Iraurgi Saskibaloia tabernara joan edota 675 707010 telefono zenbakira deitu behar dute. Infantilak, 14 urtetik beherakoek, bazkidetza 80 euro ordaindu behar dute, 14-21 urte artekoek 105 euro, seniorrek 150 euro, eta familia bazkidetza 325 euro kostako da.

Iraurgi Saskibaloi Elkartekoek jakinarazi dutenez, Bruesak Valladoliden aurkako partida Azpeitiko kiroldegian jokatuko du, datorren astean.