Londresen dantzan, atsegin handiz

Urola Kostako Hitza 2006ko ira. 6a, 17:09
Sahatsa Dantza Taldeko dantzariak Arabako giza dorrrea egiten.

Sahatsa Dantza Taldea Londresen izan da Euskal Herriko turismoa sustatzen (Urola Kostako Hitza)

Ondo egindako lanak asebeteta eta oso hunkituta itzuli dira Sahatsa Dantza Taldeko kideak Londresetik. Eusko Jaurlaritzak deituta, Erresuma Batuko hiriburuko Regent Street kalean asteburuan egin berri duten turismo ferian izan da Azkoitia-Azpeitiko taldea emanaldiak egiten.

Regent Street Londreseko kalerik ezagun eta garrantzitsuenetakoa da. Oxford eta Piccadilly kaleen artean dago, eta kilometro bateko luzera du. Hemen egiten da urtero turismo azoka eta aurten azoka berezia antolatu dute "Espainiako turismoa ezagutzera emateko". *España Verde* ekimenaren baitan, Galizia, Asturias, Kantabria eta Euskal Herriak txoko bat izan dute Londreseko ferian. Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzak, Turismo Zuzendaria den Juan Bautista Mendizabal azkoitiarra buru zuela, Sahatsa Dantza Taldea eta hainbat artisau eraman ditu hemengo kultura Europan ezagutarazi eta turismoa sustatzeko.

.500.000 milioi bisitari izan ditu egun bateko azoka honek. Mundu osoko hedabideak bildu ditu, eta sekulako erakuslehioa izan da parte hartu duten Espainiako Erkidegoentzat. Asteleheneko egunkariak izan ziren horren lekuko. Espainiako ABC egunkariak Sahatsa Dantza Taldearen argazkiak argitaratu zituen eta *El País*-ek ere aipamena egin zien azokari buruzko erreportajean. TVE 1-eko arratsaldeko albistegiak ere eman zituen Sahatsaren emanaldiaren irudi batzuk.

Ikusmin handia

Sahatsako 24 dantzariak eta sei musikariak irailaren 1ean abiatu ziren Londresera turismo azokan parte hartzeko. Larunbata turismoa egiten igaro zuten, hurrengo egunean izango zuten lanari gogotsu heltzeko asmoz.

Igandean bost emanaldi egin zituen Azkoitia-Azpeitiko taldeak. Bero sargoriari aurre eginez, bi dantzaldi egin zituzten goizean Euskal Herriko erakusmahaiaren aurrean; beste bat eguerdian, oholtza nagusian; eta azken biak arratsalde partean egin zituzten erakusmahaian. Ikusmin handia sortu zuten emanaldiek, eta jende andana bildu zen ikuskizun bakoitzean. Sahatsakoek nekez aurkitu zuten dantzarako beharrezkoa duten tokia, eta bigarren emanaldian azokako segurtasun arduradunek kalea erabat kolapsatuta zegoela jakinarazi zioten Eusko Jaurlaritzako Turismo arduradunari. Emanaldia bukatuta ere, minutu batzuk behar izan ziren kalea normaltasunera itzultzeko. Gainera, ondoko erakusmahaietako delegazioak esku-orririk gabe geratu ziren izandako bisitari kopuru itzela zela eta.

Arratsalde partean, Sahatsaren arrakastaren oihartzunek azokaren antolatzaile nagusiaren bisitaldia ekarri zuten. Ignacio Vasallo Londreseko Espainiako Turismo Zuzendaria bertan izan zen Juan Bautista Mendizabalekin batera.

Sahatsaren emanaldia ikustera inguratutako jendea euskal dantzekin txundituta geratu zen orohar. Makina bat kamera agertu zen jendeen buruen gainetik dantzarien irudiak harrapatzeko irrikaz. Aurreskuak, ezpata dantzak, makil dantzak, zortzikoa, Agintariena eta Arabako giza dorrea dantzatu zituzten, besteak beste, Azkoitiko eta Azpeitiko dantzariek, euskal kulturaren erakusle.