Aurtengo Antzerki Topaketak karpapean egingo dira

Uztarria-Urola Kostako Hitza 2006ko ira. 6a, 18:09

Triku Festa musika jaialdia dataz atzeratu egin dute; urriko azken asteburuan izango da

Horrela, Antzerki Topaketak eta Triku Festak azpiegitura bera erabiliko dute

Azken urteetan Soreasu antzokian egin izan dira Euskal Antzerki Topaketak, aurten ordea aretoa botata dago, berria egiteko. Udaleko Kultura batzordea aurtengo topaketak non eta nola egin aztertzen jardun da. Azkenean, karpapean egitea erabaki dute. "Oraindik ere zenbait kontu teknikoz eztabaidatzaren ari gara, baina karpa bat ekarri eta bertan egingo direla erabaki dugu", dio Aitor Gorrotxategi Udaleko Kultura batzordeburuak.

Aurten, gainera, Antzerki Topaketak eta Triku Festa musika jardunaldiek azpiegitura bera erabiliko dute, alegia karpa bera. Triku Festa aurten urriko azken asteburuan antolatu dute Urrestillako eta Zubi Zarreko musika taldeek. Aurreko urteetan irailean egiten baitzuten.

Karpa, Santutxo auzoaren azpiko edota Izarraitz pilotalekuaren ondoko plazan jartzeko asmoa dute. "Karpak, antzerki areto batek izan ditzakeen ia ezaugarri berak edukiko ditu. Kontuan hartu dugu hotza ere egin dezakeela epe horretan eta berogailuak ere jarriko ditugu", dio Gorrotxategik.

Programazioa zehazten

Garai honetan Udaleko Festa batzordekoak Topaketen programazioa zehazten ari dira, eta Triku Festakoak, berriz, musika taldeak aukeratzen.

"Zenbait gauza zehazteko daude eta Triku Festakoekin ere bilduko gara. Datorren astetik aurrera Antzerki Topaketatarako jaso ditugun eskaintzak aztertzen eta programazioa zehazten hasiko gara", azaldu du Gorrotxategik.

Antzerki Topaketak hasi aurreko asteburuan, herriko musika taldeetako kideek antolatutako Triku Festa jaialdia izango da. "Urriaren 27, 28 eta 29an izango da aurten Triku Festa. 32 musika talde dauzkagu mahai gainean eta horietatik 14 edo aukeratu behar ditugu. Herriko taldeez gainera kanpoko taldeak ere izango dira aurtengo Triku Festan", dio Asier Sustaetak.

Kanpoko talde ezagun bat edo beste ere ekarri nahi dute. "Aurreko urteetan Udalak emandako diru laguntzarekin antolatzen genuen, baina aurten karteletan jarriko dugun publizitatetik dirua lortu dugu".