'Maltzeta'-ren agurra

Uztarria 2006ko ira. 12a, 20:09
Juan Garate 'Maltzeta' alabarekin 1980ko Txapelketa Nagusian (Argazkia: Euskal Herriko Trikitixa Elkartea)

Juan Garate Maltzeta soinujole azkoitiarra hil zen igandean; Urola Kostako Hitza-k haren inguruko azpeitiar batzuen iritziak bildu ditu

Juan Garate Maltzeta trikitilari azkoitiarra hil zen igandean, irailaren 10ean, Hondarribian, 82 urterekin; urte askoan hantxe bizi izan da. Maltzeta 16 urterekin hasi zen bere kasa soinua jotzen.

Joxe Mari Aranberri Madarixa Txikixe, Jazinto Rivas Elgeta eta Kandido Beristain Norberta izan zituen irakasle Maltzetak. Pandero lagun, berriz, bere alaba Mari Karmen, Landakanda eta Zabale. Urte gehien, ordea, bere alabarekin batera ibili zen. Mari Karmen neska koskorra zela hasi zen aitarekin eta 80ko hamarkadan Maltzeta aita-alabak oso ezagunak egin ziren.

Maltzetak hiru disko kaleratu zituen; Maltzeta aita-alabak (1981), Eman neri eskua (1996) eta Negarrez abesten dut (2001).

Urola Kostako Hitzak Azkoitiko soinujolearen inguruan galdetu die urteetan bere inguruan ibili diren hainbat laguni. Tartean, Jose Mari Iriondo eta Laxaro Azkune kazetarien eta Imanol Arregi 'Iturbide'-ren iritziak bildu dituzte.

Joxe Mari Iriondo: "Trikitilari handi bat galdu dugu"

"1958ko festa batean ezagutu nuen Maltzeta, Azkoitiko Alameda jatetxean. Handik atzera beti jarraitu izan dut. Garai hartan maila onenetakoa zutenen artean zegoen. Kandido Beristain Norberta eta Jazinto Rivas Elgeta izan zituen irakasle. Laja eta Sakabirekin batera lehen mailako trikitilaria zen. Azken urteetan nola jotzen zuen entzunda harrituta nengoen. Azken urteetan entzumena galduta zuela ere intuizioz jotzen baitzuen alabarekin batera. Oso fina eta handia izan da. Erdi bertsolaria ere bazen. Pertsona bezala sentibera zen, erraz haserretzen zen eta azkar adiskidetu, oso sentikorra zen. Trikitilari handi bat galdu dugu. Orain hor gelditzen da bere alaba, trikiti eskola eta harekin batera atera zituen hiru diskoak".

Imanol Arregi: "Soinujole ona eta fina zen"

"Bere garaian bolada batean aurrenetan ibili zen Maltzeta. Musika egile ona zen, pieza eta abesti asko osatu zituen, lan polit asko utzi ditu eginda. Soinujole ona ere izan da, fina. Langilea eta beti konpromisoak betetzen zituenetakoa izan da".

Laxaro Azkune: "Soinujole aberatsa eta gozoa zen"

"Gaztetan, Oñazko koadrilan nengoela ezagutu nuen soinu-jole moduan. Gurekin izaten zen ospakizun askotan, Kizkitzara, Erniora edo Granada-Errekara egunpasa joaten ginenean. Umoretsua zen eta giro sortzailea. Halakoetan, bazkalondoren bazekien saltsa jartzen, giroa sortzea gustatzen zitzaion eta jendea bertsotan jartzen zuen, edo dantzan. Oroitzapen hori daukat. Geroago, Hondarribira joan zen bizitzera eta, alabarekin batera, jende asko erakarri zuen soinu mundura eta giroa sortu zuen han ere. Ingurua sortzeko gaitasuna izan du eta hori ez du edozeinek egiten. Bertsolari puntu bat ere bazuen eta koplak egiten zituen. Oso soinujole aberatsa eta gozoa zen eta errepertorio zabala zuen. Pertsona bezala, oso atsegina zen traturako".