Larunbatean Ardo Dastaketa Eguna izango da plazan

Uztarria 2006ko ira. 13a, 17:09
Zarautzen urteetan antolatu izan dute ardo dastaketa.

12:00etatik 14:30era artean hamabost ardogilek eta bost gaztagilek herriko plazan postuak jarriko dituzte (Urola Kostako Hitza)

Larunbatean aurrenekoz Ardo Dastaketa Eguna egingo dute herrian; Udaleko Festa Batzordeak antolatu du Odriozola Ardoak-en laguntzarekin. "Zarautzen urteetan antolatu izan dute Ardo Dastaketa Eguna, eta oso ondo atera izan da. Guk era horretako zerbait antolatu nahi genuen Azpeitian ere. Maiatzean hasi ginen nola egin pentsatzen. Zarautzera joan eta hango antolatzaileekin hitz egin genuen antolaketari buruz", dio Mikel Ibartzabal Udaleko Festa batzordeburuak.

Ardogileen postuak herriko plazako arkupetan jarriko dituzte, eta hauekin batera gaztagileen postuak ere egongo dira. Ardo kopa bat eta bost txikitorentzako txartelak hiru eurotan salduko dira, eta gazta pintxoak, berriz, euro batean. "Horiez gainera, Ibarrako piperrak erreta eta pintxoetan jarriko dira beste postu batean", dio Ibartzabalek.

Plazan bildukotako ardozaleen arteko giroari doinua El Ciegoko dultzaineroek jarriko diote. "Dultzainero horiek 24 urtean etorri izan dira Azpeitira, eta zerbait berezia egin nahi zuten hemen. Beraz, larunbatean giroa animatzen egongo dira eta gero kontzertua emango dute, 13:00etan, udaletxeko arkupetan".

Orain ardo dastaketa eta urriaren 7-8an, berriz, Erdi Aroko azoka izango da.

Ardo dastaketa eguna Azpeitian

Postuak
Ardogileak. Hamabost ardogile eta 22 ardo egongo dira edateko moduan.
-Heredad Ugarte.
-Conde de Valdemar.
-El Coto.
-Abeica.
-Saez de Samaniego.
-Hermanos Berzal.
-Cune.
-Luis Cañas.
-El Patrocinio.
-Marques de Murrieta.
-Viña Salceda.
-Julian Chivite.
-Juan Alkorta.
-Carlos Serres.
-Enate.

Piperrak. Ibarrako piperren pintxoen postu bat ere jarriko dute.

Gaztagileak. Bost gaztagilek postuak jarriko dituzte.
-Premietxeberri.
-Berastegi baserria.
-Ardi-Gazta.
-Errezildarra.
-Bildotxola.

Antolakuntza
Ordutegia. 12:00etatik 14:30ak bitartean egongo dira postuak irekita, herriko plazan.
Kopa eta txikitoak. Kopa eta bost txikito edateko txartelak hiru euro kostako dira. Kopa hartzearekin batera bost txartel banatuko dituzte.