Olatz Yeregi: "Mailari eutsiko diogulakoan nago"

Uztarria 2006ko ira. 13a, 19:09
Olatz Yeregi

Olatz Yeregi Realeko nesken taldeko atezaina da. Pasatu den asteburuan Super Ligako lehen partida jokatu zuen; Atletico Madrilen kontra bina berdindu zuten

Olatz Yeregi, Realeko nesken taldeko atezaina da. 2004-2005 denboraldian sortu zen taldea, eta sorreratik jokatzen du bertan. Lehenago Lagun Onakeko atezaina izan zen. Pasatu den asteburuan jokatu zuen Realak Super Ligako lehen partida; Atletico Madrilen kontra bina berdindu zuten etxean. Igandean, berriz, Madrilen Rayo Vallecanoren kontra jokatuko dute.

Denboraldiko lehenengo partida jokatu zenuten igandean. Zer moduz ikusi zenuen taldea?

Ondo jokatu genuela uste dut. Bina berdindu genuen, nahiz eta hiru puntuak eskuratzeko aukera izan. Atletico Madril nahiko ekipo ona zela entzunda genuen, gu bezala aurten igo dira mailaz eta sei fitxaketa berri egin dituzte; talde sorpresa izango dela diote. Lehenengo zatian oso ondo jokatu genuen.

Noiz hasi zenuten aurredenboraldia?

Abuztu hasieran hasi genuen aurredenboraldia. Orduan oraindik ez genekien zein mailatan jokatuko genuen; mailaz igoko ginen edo ez. Abuztu bukaeran jakin genuen denboraldi hau Super Ligan jokatuko dugula.

Zenbat entrenamendu egiten dituzue astean?

Lau entrenamendu egiten ditugu, baina ni hirutara joaten naiz. Astea Gasteizen pasatzen dut, bertan ikasten dudalako, eta beraz, hiru egunetan joaten naiz. Ni bezala taldeko beste bost jokalari daude.

Super Ligan estatu mailako 14 taldek jokatzen duzue. Horrek partidak jokatzeko asteburuetan urrutira bidaiatu beharra suposatzen du.

Bai. Iruñeako Lagunak, Athletic eta gu gara euskal taldeak. Horiez gain, Oviedo eta Zaragozakoak dira gertuen ditugun taldeak; egun batean joan-etorria egiteko modukoak. Gainerako partidak jokatzeko nahiko bidaia luzeak egin beharko ditugu; Huelva, Bartzelona eta Madrilera joan behar dugu jokatzera.

Nola ikusten duzu taldea?

Mailari eusteko borrokatuko dugu. Kategoriari eusteko adina kalitate badugulakoan nago, esperantza horrekin jokatuko dugu behintzat.

Orain Realean jokatzen duzu, baina urte askoan jokatu duzu Lagun Onaken.

Bai. Kategoria mantenduko dutela pentsatzen dut. Lagun Onak ondo ari da neskekin. Orokorrean, nesken futbola indarra hartzen ari da, gauzak aldatzen ari dira.