Xoxoteko San Inazioren irudia puskatu egin dute

Uztarria 2006ko ira. 14a, 14:09
Xoxoteko San Inazio irudiaren beheko aldea puskatu dute. Argazkian, estatuako zatiak, hautsita.

Udalak "gogor" salatu du ekintza eta egileak identifikatu eta epaitegira eramateko "ahaleginak" egingo dituela esan du

Argazki gehiago

Azpeitiko Udalak jakitera eman duenez, Xoxoten dagoen San Inazioren irudia puskatu eta kaltetu egin dute ezezagun batzuek joan den asteburuan. Azpeitiko Udalaren ustez, ekintza egin dutenen asmoa irudia botatzea zen, "baina zorionez ez dute lortu".

Udalaren ustez ekintza horrek ez du zentzurik: "Bakoitzaren sinesmena edo sinesmen eza errespetatuz, Azpeitia munduan ezaguna egin duen pertsonaren irudia nahita erasotzeak ez du batere zentzurik eta herritarren gehiengoaren ideiak eta sentimenduak mintzen ditu".

Udalak "gogor salatu" nahi izan du ekintza eta adierazi du, "ahal duen guztia" egingo duela "ekintza arbuiagarri" honen egileak identifikatu eta epaitegira eramateko.

Xoxoteko irudia aurtengo San Inazio jaietarako txukundu egin zuten. "Estatua hau herritarrek eraiki zuten orain dela 50 urte, mendizale taldearen gidaritzapean eta Bilboko mendizaleen laguntzaz, neke eta lan asko egin ondoren. Orain dela gutxi, San Inazio festetan, ospatu genuen eraikitze horren 50. urteurrena, eta hori dela eta, txukundu egin genuen irudia".