Ertzaintza Orkatzera sartu da

Uztarria 2006ko urr. 25a, 19:10
Goian: Perez Arregi plazatik Erdikalean gora joateko Ertzaintzak kalea itxita du. Behean: Hainbat lagun Erdikalean bildu dira.

Ertzaintzak Erdi kalea itxita du eta Orkatz Kultur Elkartea miatzen ari dira

Espainiako Auzitegi Gorenak astelehenean eman zuen herriko tabernetako ondasunen inbentaria egiteko agindua

Azken albistea (19:15): Orkatz kanpoan zeuden ertzainak eta furgoneta joan egin dira. Perez Arregi plazan Erdi kale bukaeran bilduta zeudenek aurre egin diete, eta tentsio uneak bizi izan dira (ikusi orduko bi bideo). Biharko (hilak 25) 19:30ean manifestazioa deitu dute

Duela minutu batzuk (16:55) Ertzaintzak Erdi kalea itxi du eta Orkatz Kultur Elkartera sartu dira.

Ertzaintzaren bi furgonetak kalea itxita dute eta hasieran ez diote inori bertatik pasatzen utzi. Gainera, Erdi kaletik pasatu nahi izan duen oinezko bati "bi orduz itxita" izango dela jakinarazi diote. Orain, ordea, jendeari pasatzen uzten diote. Baina Uztarriak jakin ahal izan duenez kanpoan zeuden gazteei Korralen sartzeko eskatu diote. Ertzainak Orkatzera sartu direnean zerbitzaria eta lau lagun zeuden bertan. Gero, elkarteko abokatuari eta elkarteko kide bati barrura sartzen utzi diete.

Espainiako Auzitegi Gorenak astelehenean eman zuen herriko tabernetako ondasunen inbentaria egiteko agindua. "Lehenbailehen" sartzeko agindua eman zuen.

Uztarriak jakin duenez Azkoitiko Zakela tabernan ere sartu dira.

Azken albistea (17:30): Hau al da zuen bakea? Alde hemendik lemapean jendea bildu da Erdikalean.

Azken albistea (18:30): Ertzainen furgoneta bat joan egin da Erdi kaletik eta bertan elkarretaratzean zeuden lagunen kartela aurretik eraman du.

Azken albistea (19:15): Orkatz kanpoan gelditu den furgoneta eta ertzainak joan egin dira. Perez Arregi plazan Erdi kale bukaeran bilduta zeudenek aurre egin diete, eta tentsio uneak bizi izan dira. Herritarrek "zipaioak herriaren etsai. Zuek faxistak zarete terroristak" moduko esaldiak oihukatu dizkiete ertzainei aurrez aurre. Furgoneta aurrean zutela ertzainak oinez joan dira Etxe-Zuriko zubiraino, han bildutako herritarrak atzetik zituztela. Inbentarioa egiten ari zirela Orkatz barruan egon den lagun baten hitzetan "lasai" egon direla eurekin esan du; "aulkiak eta guzti kontatu dituzte". Biharko (hilak 26) 19:30ean manifestazioa deitu dute. Autoan megafoni bidez biharko manifestazioaren berri ematen ari zirenak gelditu egin dituzte karakolean eta identifikatu egin dituzte.

Adierazpenak: (Urola Kostako Hitza)

Julian Eizmendi (Azpeitiko alkatea): "Botere judizialak hartzen dituen erabaki politiko hauek, bakebiderako eta normalizazio politikarako ematen ari diren urratsekin kontrajarrita daude eta eragozpena dira".

Koldo Eizmendi (Orkatz Kultur Elkarteko kidea): "Eraso hau Euskal Herriaren alde dauden eragileen aurkako erasoaldien baitan kokatu behar da. Orkatz, beste herri bat edota Euskal Herri bat nahi dutenentzako elkargunea izan da, kultur ekitaldiak eta kontzertuak antolatuz. Orkatzen egitekoa hori da. Erasoaldi honen bidez hori eragotzi nahi dute. Era honetan, Euskal Herrian beste eszenatoki berri bat sortzeko egin den lan hori apurtzeko beste ahalegin bat da hau. Pakerako nahiaren inguruko adierazpenak eta erasoen inguruko salaketak egiten dituztenek, gero beraien indar polizialak erabiltzen dituzte".