Literaturaren uztari agur

Urola Kostako Hitza 2007ko urt. 11a, 09:01
Igor Aranbarri eta Kepa Urbieta

Literatuzta taldeak Literatuzta aldizkariaren bederatzigarren zenbakiarekin bere jarduna bukatu egin du; "Konpromisozko erlazio guztiak bukatu egin behar dira" (Urola Kostako Hitza)

Azken 'Literatuzta'-ren sarrerakoan, bederatzigarrengo zenbakian, diote: "This is the end. Edo hau da bukaera". Literatuzta taldekoek ez dute gehiago Literatuztarik aterako. "Azkenean, jendeari idazteko beharra sortu arazi diogu, idaztera behartu araziz. Hori ez zen gure helburua. Literatuzta naturalki sortu zen, bat-batean. Beraz, bukatu egin da", dio Igor Aranbarri Literatuztako kideak.

"Maitasun faltagatik" heldu da Literatuztaren bukaera, Kepa Urbieta Literatuztako kidearen esanetan. "Maitasun faltak, Literatuzta presaka egitea eragin digu, akatsekin... Ez ginen ari gustura, eta horrek aldizkaria ez zaintzea eragin du. Zenbaki berriak argitaratzen genituen eta ez ginen gustura gelditzen; maitasun falta zegoen. Horrela jarraitu baino, bakoitzak bere bidea hartzea erabaki genuen".

Literatuzta aldizkaria koordinatzen bost lagunek jardun dute. Argitalpenaren inguruan hamazazpi lagun inguru biltzea lortu dute; lehen zenbakia 2003ko uztailean atera zuten. Idazteko zaletasuna zutenei ate bat irekitzeko asmoarekin sortu zuten. Asmoa bete delakoan daude, eta "aberasgarria" izan dela diote. "Idazten genuenak hasieran gehiago ginen, gero gutxiago eta azkenean, berriz, ugaritu egin gara. Lehen asko ez ginen ezagutzen eta, orain, 'Literatuzta'-ren bitartez, harremana dugu".

Maitasun gutxi eta konpromosoa handituz joan da, azkenean eten egin dute. "Talde eragilearentzat konpromiso bat bihurtu zen Literatuzta eta horrela ez jarraitzea erabaki genuen. Beste batek jarraitu nahi al zuen galdetu genuen, baina inor ez zegoen prest", dio Urbietak. "Azken batean, konpromisozko erlazio guztiak bukatu egin behar dira. Maitasun bat egon da, baina hasierako erakarpenik ez zegoen", gaineratzen du Aranbarrik.

Literatur aldizkariaren bederatzi zenbaki atera dituzte eta emaitzarekin gustura daude. Zenbakiz zenbaki idazleen artean jolas bat egiten saiatu dira. "Laugarrengo zenbakian idazleak hotel baten barruan kokatu ziren; seigarregoan, berriz, irudiekin jolastu zuten".

Uztarako hazia larunbat gauetan botatzen zutela kontatzen du Aranbarrik, "eta batzuetan uzta eman izan du. Ahoz ahoko komunikazioak asko balio izan digu". Beraz, idatzitako sorkuntzari ate berriak irekitzen joateko ahozkoa izan da oinarria. Orain atea itxi egin da. Agian, uzta berri bat arte.